Saint-John Perse
(Jaiotza izenaz Marie René Auguste Léger Léger, Saint-Léger Léger izenaz ere ezaguna). Frantses olerkari eta diplomatikoa (Saint-Léger-les-Feuilles, Guadalupe, 1887 - Giens, 1975). Bordelen eta Parisen egin zituen ikasketak eta 1914an diplomazia lanetan hasi zen; Txinan jardun zuen hasieran eta Aristide politikariaren idazkari eta Kanpo Arazoetako ministro ere izan zen ondoren. 1940an Vichy-ko gobernuak karguak eta frantses herritartasuna kendu zizkion, eta Estatu Batuetara alde egin behar izan zuen 1957 arte. Hasierako olerkietan sinbolisten eragin nabarmena ageri da, baina geroagokoetan estilo berezi bat landu zuen, irudi eta hizkuntza aberatsak baina aldi berean zailak, metafora zehatz eta molde bereziak, ezaugarri dituena. Bere olerkietan hainbat gai landu zuen: haurtzaroko oroitzapenak, bizitzaren tragikotasuna, hilezkortasuna, etab. 1960an Literaturako Nobel saria irabazi zuen. Lan nagusiak: Éloges (1911), Anabase (1924, Anabasea), Exile (1942, Erbestea), Vents (1946, Haizeak), Oiseaux (1962, Txoriak).