saguzar
iz. Ugaztun hegalaria, gau animalia, mintzezko hegoak dituena. Gau-enara eta saguxar izenaz ere ezagutzen da. Ugaztun berezi samarrak dira. v Gorputza ugaztun izateko beharrezkotzat jotzen diren ezaugarri guztiez hornitua duten arren, besoak, eskuetako kanpoaldeko lau behatzak, hankak eta isatsa elkarri mintz batez lotuak dituztela, hegarako egokituak dituzte, eta horrek ugaztun hegalari egiten ditu. Itxuraz, beraz, sagu baten eta, aldi berean, hegazti baten antza dute. Hegan egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira. Geldi egon behar dutenean eskuetako behatz handitik edo hanketako behatzetatik buruz behera zintzilika egoten dira. Bizitzeko ohituraz ilunzaleak dira. Egun argiz ezkutuan egoten dira, eta gauez irteten dira janari bila; beren buruak gidatzeko, ahalmen berezi batez baliatzen dira, bestela pentsatzen den arren oso ikusmen ona dutela ere. Maiztasun handiko (100-200 dardara segundoko) uhinak bidaliz eta haiek itzultzen dizkien seinaleak erabiliz zuzentzen dira harrapakinaren aldera. Neurriz alde handiak dira saguzar moten artean. Txikiena saguzar erlezalea da, 2,5 cm luze eta 15 cm zabal dena; handiena, berriz, azeri hegalari izenaz ezagutzen dena da, 40 cm inguru luze eta 1,8 m zabal har dezakeena. 900 bat saguzar mota ezagutzen dira. Intsektuak, arrainak, odola, fruituak eta nektarra jaten dute. Oso eskualde hotzetan izan ezik mundu guztian eta, batez ere, tropiko aldean daude zabalduak. Lurralde epeletako saguzar gehienek lozorroan ematen dute negua. v Saguzar arrunta (Pipistrellus pipistrellus). Besoertilionidoen familiako saguzarra, Europako txikienetakoa (5 cm inguru luzea). Belarri laburrak eta zabalak ditu. Kolorez marroi iluna izaten da. Taldean bizi da, eta hala igarotzen du neguko lozorroa ere. Europa osoan, Afrikako iparraldean eta Asiako hego-mendebalean dago zabaldua. v Saguzar arratoizalea (Myotis myotis). Kolorez marroi argia dena eta belarri zabal luzeak dituena. v Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros). Errinolofidoen familiako saguzarra, 63 mm inguru luze dena, eta muturraren gainean ferra itxurako mintz bat duena. Mintz hori higikorra du, alde batera edo bestera itzul dezakeena; igortzen dituen soinuek ere haren higiduraren arabera gida ditzake. Intsektuak jaten ditu gehienbat. Ferra-saguzarretan 50 bat mota ezagutzen dira. v Saguzar belarri-handia (Histiotus montanus). Bespertilionidoen familiakoa dena, eta belarri zabal luzeak dituena. Hego Amerikan bizi da, batez ere.