Réunion, La
Indiako Ozeanoko uhartea, Madagaskarreko uhartearen ekialdean, Maskarena uhartediaren mendebalean, Frantziako administraziopean dagoena. 2.512 km2 eta 531.000 biztanle (211 biztanle km2-ko). Hiriburua, Saint-Denis. Hiri nagusiak: Le Port, Saint-André, Saint-Benoît, Saint-Joseph, Saint-Leu, Saint-Louis, Saint-Paul, Sainte-Suzanne, Salazie eta Le Tampon. v Orografia, klima eta landaretza. Sumendi uhartea da. Goi-ordoki zabal batek hartzen du uhartearen erdialdea eta han daude uharteko sumendi garaienak (Piton des Neiges, 3.068 m). Uhartearen hegoaldean eta ekialdean euri asko egiten du apiriletik urria arte (4.000-8.000 mm euri batez beste) hego-ekialdetik jotzen duten haizeei esker. Mendebalean eta iparraldean, berriz, 625 mm euri ur biltzen da urtean batez beste. Klima tropikala da, beroa kostaldean eta idorragoa barnealdean. Landaretzari dagokionez, La Réunion uhartearen hegoaldean eta ekialdean baso trinkoak dira nagusi, eta iparraldean eta mendebalean sabana. v Biztanleak. Biztanleak europarrak, afrikarrak, indiarrak eta txinatarrak ziren lehen eta, gaur egun, arraza horien nahasketatik sortuak dira biztanleak. Kreolera da uhartean zehar hedatuen dagoen hizkuntza baina frantsesa da hizkuntza ofiziala. Biztanle gehienak katolikoak dira eta biztanleen % 40tik gora 15 urte baino gazteagoak dira. v Ekonomia. Laborantza (azukre kanabera, tabakoa, tea, bainila, loreak) da ekonomia jarduera nagusia. Industria (garatu gabea) hiri nagusietan baizik ez da (azukre findegiak, ron destilategiak, tabakogintza). Inportatu behar izaten ditu, beraz, petrolioa, nekazaritzarako makineria, ibilgailuak eta, oro har, eskulanak. v Historia. Portugaldarrak xvi. mendearen hasieran iritsi ziren arte inor ere ez zen bizi La Réunion uhartean. Frantsesak 1634. urtean heldu ziren eta Afrikako esklaboak eraman zituzten kafe eta gero azukre kanabera soroetan lan egin zezaten. 1848. urtean esklabotasuna debekatu zenean Indotxinatik, Indiatik eta Afrikako ekialdetik iritsi ziren langileak. Frantziako kolonia izan zen 1946. urtean itsasoz harandiko departamendu bihurtu zuten arte, Frantziaren administraziopean betiere. Han finkatu zen 1973. urtean, bestalde, Frantziak Indiako Ozeanoan zituen osteen base nagusia.