Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Retegi Barberia, Julian

(“Retegi II”). Nafar pilotaria (Eratsun, 1954) Palmares ikusgarriena lortu duen pilotaria da Julian Retegi. 1980tik 1993ra bitarteko buruz buruko txapelketaren final guztiak jokatu zituen: hamaika aldiz izan zen txapeldun –1980tik 1988ra jarraian, 1990 eta 1993an– eta hiru bider txapeldunorde –1989an, 1991n eta 1992an–. Lau t'erdiko txapelketan ere behin baino gehiagotan izan da irabazle: 1989an, 1990ean, 1991n eta 1997an. Azken urteetan 80ko hamarkadako emaitza ikusgarriak lortu ez baditu ere, handitu baino ez da egin Julian Retegiren itzala. Lesio larriak izan arren eta nahiz eta urteetan aurrera joan, behin eta berriro itzuli da kantxara. Lehendik ere garrantzizko lesioak jasandakoa izanik, 1998ko irailean, ia urtebete jokatu gabe eman ondoren, kantxara itzuli eta berehala lesionatu zen berriz. Osatzen hasia zela, ehiza istripu batek aldendu zuen berriz pilotatik, eta 2000. urteko ekaina arte ezin izan zuen jokatzen hasi. 46 urte zituela itzuli zen goi mailako lehiaketara, eta, beste hainbat partida eta txapelketa jokatzeaz gain, aipagarria izan zen 2000. urteko lau t'erdiko txapelketan egin zuen ibilbidea, final erdietara heltzea lortu baitzuen, finalerako bidea Patxi Eugik itxi zion arte. Izugarrizko ikusmina sortu zuen Retegiren itzulerak zaletuen artean, baina belauneko lesio batek berriz aldendu zuen frontoitik 2001. urtearen hasieran, bere etorkizun profesionala zalantzan jarriz.