Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pulsar

iz. Astr. Supernoba baten leherketaz eratzen den izarra. Neutroiez osatua da, bere ardatzaren inguruan biraka dabil eta, bere eremu magnetikoaren eraginez, irradak igortzen ditu. Bere trinkotasuna 100.000 t/cm3-takoa da, erradioa 10 eta 100 km artekoa, eta masa, berriz, Eguzkiarena halako 2,5ekoa. Biratzerakoan, izar horren izpiak Lurrerantz zuzentzen dira eta une horretan bultzada bat antzeman daiteke. Zientzialarien ustez, pulsarrak izar nukleoak dira. Supernobaren leherketa gertatzean pulsarrak duen momentu zinetikoa oso handia da, eta ondorioz pulsarraren errotazioa oso lasterra da; halere, errotazio hori pixkanaka-pixkanaka motelduz doa, izarrak grabitazio uhinak igortzen dituen neurrian; izan ere, uhin horiek momentu zinetikoaren zati bat kontsumitzen dute. Errotazioaren moteltze neurria ezagutuz gero, jakin daiteke zein den izarraren adina eta, ondorioz, supernobaren leherketa noiz gertatu zen. Horrela bada, Karramarro-ko pulsarrak, adibidez, 1.000 urte inguru ditu, nonbait; bat etor liteke, beraz, txinatarrek 1054. urtean zeruan ikusitako leherketa batekin.