psikologia
iz. Gogoari eta pentsamenari dagozkien gertaeren azterketa. v Psikologiaren jatorria aurkitzeko greziar filosofiara (Demokrito, Platon, Aristoteles) jo behar bada ere, psikologia modernoa XVII. mendean sortu zela esan daiteke, Hume eta Locke ingelesen lehen lan enpiristekin batera. Psikologiaren inguruan lan ugari egin ziren arren, XIX. mendea arte psikologia ez zen benetan filosofiatik bereizi. Izan ere, arazo transzendentalei buruzkoak eta, beraz, filosofiarekin lotuta egon ziren ordu arteko lanak; XIX. mendean hasi zen filosofiatiko bereizketa gauzatzen, eta psikologia zientzia enpiriko gisa finkatzen, metodo esperimentaletan oinarriturik emandako legeei esker (psikologia esperimentala); garrantzi handia izan zuen psikologia zientzia gisa finkatzeko 1879an Wundt-ek lehenengo psikologia laborategia sortu izana. XIX. mendearen amaiera arte, bi joera nagusi bereizi ziren psikologian: fenomenologikoa edo esperimentala (britainiarrek eta alemaniarrek landua) eta mekanizista edo fisiologikoa (frantsesek eta amerikarrek landua). XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran eskola eta joera ugari sortu ziren; besteak beste, aipatzekoak dira asoziazionismoa, jokabidearen arauak introspekzio metodoaren bidez aztertzeko helburua zuena (Hatley, Mill, Spencer); funtzionalismoa, metodologia sistematiko baten bidez ahalmen psikologikoekin lotura duten prozesuak aztertzen dituena (Charcot, Janet, Binet, Piaget); behaviorismoa edo konduktismoa, egoeraren eta egoera horren aurreko erantzunaren ezaugarri objektiboak aztertzen dituena (Watson, Skinner); Gestalt psikologia edo formaren psikologia, perzeptzioa lege jakin batzuen arabera antolatutako osotasun gisa hartzen duena (Köhler, Wertheimer, Gillaume); eta psikoanalisia, neurosiak tratatzeko metodo gisa sortua eta nortasunaren egiturari, ezohiko joerei eta emozioen dinamikari buruzko ezaupide handienak ekarri dituena (Freud, Adler, Jung). v Metodo eta teknikei dagokienez, psikologiaren aztergaiak zuzenean kontrola eta neur ezin direnez, inferentziak egiten dira, zeharkako azterketak, alegia, arazo hori saihesteko. Estatistika, behaketa eta esperimentazioa, elkarrizketak, testak eta laborategiko lanak dira metodo nagusiak. v Gaur egun ez da teoria psikologiko bakarra onartzen, nahiz eta gero eta lotura estuagoa duen biologiarekin eta soziologiarekin, eta gero eta gehiago erabiltzen diren metodo estatistikoak, matematikoak eta informatikoak; 1950 inguruan ezagutzaren prozesuak neurtzeko tresnak eta bideak agertu zirenetik, psikologia konduktistak galdu egin zuen ordu arte izandako eragina eta indartu egin zen ezagutzaren psikologia, alegia, neurologiak eta biologiak eskaintzen dituen datuak kontuan hartzen dituena, esperimentu klasikoez gainera. v Gaur egun psikologian sailkapen eta bereizketa asko egiten dira: ikerketa alorraren arabera, bi atal bereizten dira, giza psikologia eta animalia psikologia; helburuaren arabera, berriz, psikologia orokorra (lege orokorrak ezartzea da haren helburua) eta diferentziala (pertsona banakoaren ezaugarri bereziak aztertzen dituena); eta joeraren arabera, azkenik, teorikoa eta aplikatua (psikologia orokorraren ezagupenak jakintzaren beste alor batzuetara hedatzen dituena).