Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

protestante

iz. eta izond. Luteroren edo haren kideko eraberritzaileen doktrinen bati jarraitzen dion kristaua, aita santuaren agintea arbuiatzen duena.  v  Protestantismoaren printzipio orokorrak. Eliza protestanteek ezaugarri desberdinak badituzte ere, hiru dotrina gune hartzen dituzte oinarritzat: fede soilaren bidezko justifikazioa (salbazioa Jainkoaren grazia da, eta, gizona berez ustela denez, norberaren merituak edo Elizaren bitartez lorturikoak ezesten dira); fededun guztien apaizgoa (Bibliaren arabera, Kristo bitartekari bakarra da Aitaren aurrean eta herri osoak osatzen du, Harekin bat eginda, lege berriaren apaizgoa); eta Bibliaren erabateko lehentasuna (Jainkoaren hitzak zuzenean du eragina Lurrean, eta hortik dator hitzaren predikuaren eta lekuan lekuko hizkuntzetara itzultzearen garrantzia). Sakramentuei dagokienez, ez dago erabateko batasunik, baina, oro har, bataioa eta eukaristia (Jainkoaren afaria) onartzen dituzte, ez katolikoen moduan –grazia emailetzat harturik–, fedearen sustatzaile diren heinean baizik. v Eliza protestanteak. Bibliaren interpretazio pertsonala Erreformaren oinarrietariko bat izanik, berehala hasi ziren bereizketak, erreformatzaileen orientabide teologikoen araberakoak, eta haietatik hainbat eliza protestante sortu zen. Aurreneko garaietatik hiru adar nagusitan antolatu zen protestantismoa: luteranismoa (egun Eskandinavian eta Alemanian nagusi dena); kalbinismoa (Frantzian eta Suitzan hedatua, eta presbiterianismoaren moldean Eskozian eta Estatu Batuetan); aurrekoen sintesia den anglikanismoa (nahiz eta beren burua protestantetzat ez hartu). Hedadura mugatuagoko beste talde bat anabaptistek osaturikoa zen (geroko menonita eta hutteriten aitzindariak). XVI. eta XVII. mendean eliza horietatik beste zenbait sortu ziren: Eliza anglikanotik kongregazionalistak eta haren aldaera diren eliza baptistak bereizi ziren eta, pietismo alemaniarraren eraginez, eliza metodistak sortu ziren. Hiru taldeok oso zabaldu ziren Ipar Amerikan. Joera nagusi horien ondoren, eta beren irakatsien aurka, beste zenbait eliza txiki sortu dira mendeen joanean; gehienak fundamentalismoan (Bibliaren interpretazio literala) eta eliza handiek ahantzitako beste elementuren batean (apokaliptikoa, batik bat) oinarritu dira, hala nola, kuakeroak (1652); adventistak (1830); mormoiak (1830); Kristau Zientziaren Eliza (1866); Salbazioaren Armada (1878); pentekostalismoa (1906); Jehovaren lekukoak (1875, 1931).  v Antolakuntza. Erreformatik sorturiko elizetan, fededun guztien apaizgoaren printzipioak ikusmolde berriak ekarri ditu hierarkiari eta apaizgoari buruz. Ez dute katolikoen Aita Santuaren antzeko agintaririk, eta apaiz molde berezi bat sortu dute: artzaina. Artzainak ezkonduak izan ohi dira –emakumeak ere onartzen dituzte– eta beren bokazio eta heziketa teologikoagatik bere gain dituzte predikuaren eta fededunen koordinazioa, baina ez dute erabateko aginpiderik, laikoek predikuak emateko eta sakramentuak banatzeko baimena lortu baitezakete. Hierarkiari dagokionez, ministro guztiak berdinak dira legez. Eliza protestanteen antolakuntzan fededunen batzarra da oinarrizko erakundea, parrokia, alegia. Ministroek eta komunitatearen bizitzan esku hartzen duten laikoek presbiteroen kontseilua osatzen dute, eta hori da parrokiaren antolamendu osoaz arduratzen den zuzendaritza taldea. Presbiteroen kontseiluak lurraldekako sinodotan biltzen dira –ministro bezainbat laiko dituztenak–, eta horiek, berriz, nazio mailako sinodoan. Herrialde askotan, eliza luterotarren eta erreformatuen (kalbindarren) federazioak sortu dira. Hala, batasunaren aldeko joera horrek munduko Elizen Kontseilu Ekumenikoaren sorrera ekarri zuen 1948an. 1991n, mundu guztiko protestanteak 442.044.000 ziren, anglikanoak (73.835.000) barne harturik.