prosimio
izond. eta iz. Zool. Primateen ordenako izen bereko azpiordenako animaliez esaten da. Gehienetan plantigradoak dira eta lau hanken gainean ibiltzen dira, zuhaitzetan edo lurrean. Prosimio gehienak txikiak dira, intsektujaleak, baina fruituak ere jaten dituzte. Gehienak gauez ibiltzen dira. Mutur luzea edo luze samarra izatea, hortzak agerian edukitzea eta biboteak izatea dira beren ezaugarri nagusiak. Begiak –oso handiak gehienek, gauez ibiltzeko egokituak– aurrera begira, edo aldera samar izaten dituzte. Sei familia bereizten dira prosimioen artean: tupaidoak, lemuridoak, indriidoak, daubentonidoak, lorisidoak eta tarsidoak. Asia hegoaldean, Afrikan eta Hego Amerikan bizi dira guztiak.