Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

prosa

iz. Hitz neurtuen inongo legerik betetzen ez duen esateko edo idazteko era. ◊ Era horretan, idazle edo garai batek erakusten duen molde berezia.  v  Lit. Prosaren edo hitz lauaren kontzeptua poesiari edo bertsoari kontrajartzen zaio, eta hala erabili izan da beti. Poesia berez zaharragoa da prosa baino. Prosak edukiari berari ematen dio garrantzia, eta, horretarako, ideiak azaltzearen argitasuna bilatzen du. Poesiak, aldiz, formari ematen dio garrantzia edukiaren gainetik, atsegin estetikoa lortzeko. Prosak analisia dakar berarekin, eta, beraz, logikoa eta koherentea izan nahi du; poesiak, berriz, intuiziozko sintesiarekin jokatzen du, irakurlea hunkitu nahian. Hala ere, literatura modernoan, bi generoen arteko nahasketak egin ohi dira eta horrela sortzen dira prosa poetikoa eta poesia prosaikoa.