Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

preso

izond. Pertsonez mintzatuz, espetxean edo ezin alde egin dezakeela lotua. || Preso altxatu. Preso hartu.  v  Gerrako presoa. Gerran, borrokan ari direnetako batek harrapatutako edo atxilotutako edozein pertsona. Berez gudarosteko kidea izaten da, baina gerrako presoa izan daitezke armak hartu dituzten gerrillari eta hiritarrak ere, edo borrokan ari ez direnak, baina gudaroste baten aldekoak direnak. Antzina, gerrako presoek heriotza edo esklabotasuna zuten etorkizun ia ezinbestekoa, eta inolako eskubiderik ez zuten harrapatzen zituenaren aurrean. Legeei zegokienez, egoera horrek XVII. mendea arte iraun zuen Europan. Garai horretakoak dira politikoen, filosofoen eta legegileen gerrako legeei buruzko idatziak, eta oro har gerrako presoen eskubideak proposatu zituzten. XIX. mende erdirako onartuak zeuden Europan eta Ipar Amerikan gerrako presoen eskubideak, baina ez leku batean eta ez bestean izan ziren gerretan ez ziren bete. Genevan onartu ziren 1864an lehenengo gerra araudiak. 1907an Haga-n bilerak egin ziren, aurreko gerra legeak osatzeko eta zenbait tratu txar galarazteko. 1929an, Genevan beste hitzarmen bat izenpetu zen, Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehenago, eta Frantziak, Alemaniak, Britainia Handiak, Estatu Batuek eta beste herrialde batzuek izenpetu zuten, ez ordea, Japoniak eta Sobietar Batasun ohiak. Bigarren Mundu Gerran oso gutxitan baizik ez ziren bete izenpetutako arau eta eskubideak, eta gerra amaitu ondoren epaiketak egin ziren Alemanian eta Japonian gerrako krimenak egin zituztenen kontra. 1949an Genevan beste araudi berri bat egin zen Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren. Araudiak gerrako presoei babesa ematen zien atxilo zeuden bitartean; gerra garaian, gerta zitekeen presoak beste herrialde neutro batera eramatea baina borrokaren amaieran preso guztiak aske utzi behar zituzten edo beste herri batera bidali, epaiketen zain zeudenak edo epaia betetzen ari zirenak izan ezik. 61 herrialdek izenpetu zuten hitzarmen hori.