Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Praga

(Txekieraz Praha). Txekiar Errepublikako hiriburua, Erdialdeko Bohemian, Vltava (Moldavia) eta Labe (Elba) ibaien bilgunetik hurbil. 1.188.126 biztanle (2006). Zazpi muinotan eta muino horien arteko haranetan kokatuta dago hiria. Vltava ibaia igarotzen da handik. Nazioarteko aireportua (Praga-Ruzyne). Burdinbide eta errepidegune garrantzitsua da Praga, Berlin-Viena eta Nurenberg-Krakovia ardatzen erdian. Artzapezpiku egoitza. 1348. urtean sortutako Karlova unibertsitatea, Europako erdialdeko unibertsitaterik zaharrena. Ekonomiari dagokionez Txekiar Errepublikako hiri nagusia da, XIX. mendeaz geroztik gertatutako industria hazkundeari esker, batez ere. Ehungintza, makineria, beiragintza, doikuntza industria, automobilgintza, burdinbide gaiak, armagintza, garagardogintza, janari industria eta kimika dira industria nagusiak. Praga ospetsua da IX. mendeaz geroztikako monumentu oparoengatik. Vltava ibaiaren mendebalean dago Hradcany gaztelua (XIII. m.) eta beraren inguruan dago Mala Strana auzo ikusgarria, lorategi eta parke ugariz hornitua. Ibaiaren ekialdean daude XII. mendeko Stare Mesto edo Hiri Zaharra eta Nove Mesto edo Hiri Berria, XIV. mendeaz geroztik eraikia. Bi aldeetan, monumentu eta eliza asko dago eta hortik datorkio Pragari “Ehun kupuletako hiria” izena. Aipagarriak dira, besteak beste, X. mendeko San Jorge eliza erromanikoa, San Vito katedral gotikoa (XIV. m.), Tyn eliza gotikoa, Vald-Stejn eta Clam-Gallas jauregi barrokoak, Golz-Kinsky jauregi rococoa, Bedrich Smetana museoa eta Belvedereko jauregi klasikoak, Museo eta Antzoki Nazional neoklasikoak, Vltava ibaia alderik alde igarotzen duten zubiak (Karlova zubia bereziki), eta Pragako sinagoga zaharberritua eta juduen hilerri zaharra (Europako zaharrena). Kulturari dagokionez ere Europako hiririk oparoenetakoa izan da Praga; hangoak ziren Bedrich Smetana eta Leos Janacek musikagileak eta Franz Kafka, Rainer Maria Rilker eta Jaroslav Hasek idazleak, besteak beste. Ospe handikoak dira mundu guztian zehar Pragako Orkestra Sinfonikoa eta Filarmonikoa eta musika jaialdiak.  v  Historia. Pragari buruzko lehen dokumentuak X. mendekoak dira. Garai hartan gaztelu bat zegoen Moldaviaren ezker ertzean eta merkatari kolonia bat eskuinaldean. 1253an, Venzeslao I.ak eskuin ertzeko burgo guztiak batu zituen eta harresia eraiki ondoren hiri maila eman zion, alemaniar jatorriko jendea ekarriz; modu horretara Hiri Zaharra deiturikoa eratu zen. 1257an Otakar II.ak beste hiri bat moldatu zuen ezker ertzeko burgoekin. Karlos IV.a enperadoreak (1346-1378) inperioaren hiriburu eta artzapezpiku egoitza bihurtu zuen, eta unibertsitatea, monumentu ederrak eta auzo berriak –Hiri berria– eraiki zituen. Erdi Aroaren amaieran germaniarren kolonizazioak bere goren puntua iritsi zuen: goi burgesia, elizako hierarkia eta unibertsitateko katedradunak germaniarrak ziren eta bertako kulturaren arrastoak ezabaturik zeuden. Zapalkuntza horrek, arrazoi sozialekin eta erlijiosoekin batera, husiten gerrak eragin zituen. Hungariako Luis II.arekin hiria komunitate bakarrean bildu zen (1518). Alabaina, Habsburgotarren etorrerarekin (1526) hiriaren gainbehera hasi zen. Fernando I.aren aurkako matxinadaren ondoren (1547) Inperioaren hiriburua Vienara aldatu zuten. Fernando II.aren erregealdian (1617-1637) Pragako Defenestratzea (1618) izeneko matxinada handia gertatu zen. Bi urte geroago txekiarrak galtzaile atera ziren Mendi Zuriko guduan (Pragaren ondoan) eta hiria gogor zanpatu zuten: milaka familia txekiarrek alde egin behar izan zuten eta haien ordez germaniarrak finkatu ziren. Hogeita Hamar Urteko gerran saxoniarrek (1631) eta suediarrek (1648) hartu zuten. XVIII. mendean frantsesek eta bavariarrek (1741) eta prusiarrek (1744, 1757) hartu zuten beren mende. XIX. mendean, Praga txekiar higikunde abertzalearen muina izan zen, baina 1848ko matxinadan austriarrek bortizki zapaldu zuten. 1861eko hauteskundeetan, alabaina, abertzaleak garaile irten ziren eta txekiar administrazioa eta irakaskuntza ezartzea lortu zuten. Praga abertzaletasunaren hedagunea izan zen, harik eta 1918an Txekoslovakiaren independentzia aldarrikatu zuten arte. Sortzetik beretik estatu berriaren hiriburua izan zen. 1939ko martxoaren 15ean alemaniarrek okupatu zuten eta 1945eko maiatzaren 9an sobietar gudarosteak askatu zuen. 1948ko otsailean komunistek aginpidea eskuratu zuten. 1968an, «Pragako Udaberria» deituaren ondoren, Vartsoviako Hitzarmenaren armada hirian sartu zen. Erregimen komunista erori ondoren (1990) eta Eslovakiako Errepublikatik berezita, 1993ko urtarrilaren 1ean sorturiko Txekiar Errepublika berriaren hiriburua da.  v  Pragako Defenestratzea. 1681. urteko maiatzaren 23an bohemiar protestanteek Habsburgotarren aginpidearen eta haien germanizazio asmoen aurka egin zuten matxinada. Bohemiarrak Pragako gazteluan sartu ziren indarrez, eta han bilera egiten ari ziren William Slavata eta Jaroslav Martinic enperadoreordeak leihotik bota zituzten, Fabricius idazkariarekin batera. Gertaera hura zela eta, Habsburgotar enperadore Fernando II.aren aurkako matxinada hasi zen, Hogeita Hamar Urteko Gerraren hasiera izan zena.