Potocki, Jan
Poloniar idazlea, historialaria eta etnologoa (Pikow, 1761 - Uladowka, 1815). Eslaviarren etnologian aditua zen. Europa, Asia eta Afrikan zehar bidaiatu zuen, arrazak, hizkuntzak, ohiturak eta antzinako aztarnak aztertuz, Europako herrien, eta bereziki eslaviar herrien, jatorria aurkitzeko. Historiazko eta etnografiazko liburu asko idatzi zituen (frantsesez), besteak beste: Essai sur l’histoire universelle et recherches sur celle de la Sarmatie (1789-1792, Historia unibertsalari buruzko saiakera eta Sarmatiako historiari buruzko ikerketak), Fragments historiques et géographiques sur la Scythie, la Sarmatie et les Slaves (1796, Historiako eta geografiako zatiak Szitiari, Sarmatiari eta eslaviarrei buruz), Histoire primitive des peuples de la Russie (1802, Errusiako herrien antzinako historia). Bestalde, eleberri bat idatzi zuen, frantsesez hura ere: Le Manuscrit trouvé a Saragosse (1804-1813, Zaragozan aurkitutako eskuizkribua); gertaera goibel eta magikoak kontatzen dituen eleberri bitxia da, erotismoa eta izua fantasiarekin lotzen dituena, eta orain dela gutxi arte ia ezezaguna zena, baina azken urteotan ospe handia hartu duena.