Pleistozenoa
Geol. Kuaternarioko lehen aldia, Pliozenoaren ondokoa eta Holozenoaren aurrekoa. Aditu gehienen arabera aldi honen iraupena 1,8–2 milioi urte ingurukoa da, eta duela 10.000 urte amaitu zen. Glaziazioen aldia da; glaziazio garrantzitsuenak Gunz, Mindel, Riss eta Würm izan ziren. Izotzak iparreko lurralde asko estali zituen eta hormategiek mundu osoko mendi-haran guztiak bete zituzten. Klimak gorabehera handiak izan zituen eta glaziazio arteetan izotz urtuak plataforma kontinentaletako kanoiak moldatu zituen. Glaziazioetan itsasoaren maila ehun metro jaistera iritsi zen. Lurrezko zubiek hainbat lurralde batu zituzten: Alaska eta Siberia, Asia eta Indonesia, Ginea Berria eta Australia, Britainiar uharteak eta Europa. Gizakia garatu zen aldi honetan baina fauna gutxitu zen, glaziazioetako landarediaren murrizketa eta bizitzeko leku ezagatik. Animalia batzuk klima hotzera egokitu ziren, hala nola egun desagerturik diren mamut iletsua, errinozero iletsua, haitzuloetako hartza eta haitzuloetako lehoia. Gizakiaren asaba bide den homo erectus deitua azaldu zen (duela 1,6 milioi urte) aldiaren hasieran.