Plazaola Artola, Juan
Gipuzkoar elizgizona eta ikerlaria (Donostia, 1919 - Donostia, 2005). 1936an Jesusen Lagundian sartu zen, eta handik hamabost urtera apaiztu zen. Doktorea zen Parisko Unibertsitatean eta Madrilgo Complutensean. Irakaskuntzaren munduan hasi zen berehala, eta Salamancako Jesusen Lagundiko Giza Zientzien Zentroko errektorea izan zen (1966-1968), baita Deustuko Unibertsitateko Filosofia Fakultateko Estetika irakaslea ere (1964-1974). Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoetako Filosofia eta Letren Fakultateko Historia eta Arteko katedradun eta dekanoa (1974-1977) izan zen, eta campus horretako bertako errektore. Gainerakoan, Loiolako Probintziako nagusi probintziala eta Deustuko Unibertsitateko kantzelariordea ere izan zen (1979-1985). Atzerrian ere aritu zen irakasle gonbidatu: Caracasco Andrés Bello Unibertsitatean, Mexikoko Iberoamerikarrean eta Alcala de Henaresekoan. Sevillako Real Academia de Bellas Artes de Santa Isabel de Hungríako kidea zen, eta Deustuko Unibertsitateko San Ignacio de Loyola Institutuko lehendakaria. 1964an Reseña aldizkaria sortzearen alde aritu zen, baita 1975ean Donostiako Mundaiz aldizkaria zuzentzen ere. Hogei liburu inguru kaletaratu zituen, eta 1998an, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxak ematen duten Giza eta Gizarte Zientzien arloko Euskal Herriko curriculum vitae zientzialari aipagarrienaren saria eman zion.