plasma
iz. Med. Odolaren osagai isurkaria. Odol plasmak odolaren zelulak ditu bere baitan. Isurkari argi likitsa da, eta osagai hauek ditu: ura (% 90,7), proteinak (fibrinogenoa, gehienbat, baina baita albumina eta globulina ere; guztira % 7,3) eta bestelako gai organikoak (glukosa, urea, aminoazidoak, kolesterola, bilirrubina, etab.) eta inorganikoak (bikarbonatoak, fosfatoak, sulfatoak, etab.). Odol plasmaren eginkizun nagusiak hauek dira: elikatzea (hesteak xurgatutako elikagaiak, edota organismoak berak sortuak, zeluletaraino eramatea); iraiztea (katabolitoak gorputzetik ateratzeko bidean jartzea); immunitatezkoa (leukozitoak eta antigorputzak behar diren tokietara eramatea); isurkarien orekari eustea (elikagaiak eta hormonak organo batzuetatik besteetara eramatea); gatzen eta uraren orekari eustea; presio osmotikoari eustea; tenperatura erregulatzea; azido-base orekari eustea; hemodinamika erregulatzea. v Fis. Ioitutako gasa, elektroiek, ioi positiboek eta gas molekula neutroek osatua. Oro har neutroa den arren, elektrizitate eroale guztiz ona da, karga ugari baititu bere baitan. Lurrean bertan ez dago plasma izaerarik duen materiarik; gertukoena, atmosferaren goi geruzetan (Van Allen-en eraztunetan) dago. Unibertsoaren osagai nagusia da, hala ere, plasma, materiaren % 99,9 baitago egoera horretan.