Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pitillas

Nafarroako erdi-hegoaldeko udalerria, Zidakos ibaiaren ezkerraldean (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean, Beire eta Uxue; ekialdean Uxue; mendebalean, Erriberri; hegoaldean, Santakara eta Murillo el Cuende. Garaiera, 354 m. 41,89 km2. 1999ko datuen arabera, 577 biztanle (pitillastarrak). Zidakos ibaiak iparraldetik hegoaldera igarotzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Industria (ehungintza, janari industria, ardogintza, eraikuntza; beharginen % 44) eta nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, bazkarako landareak, ardi eta zerri azienda; langileen % 40) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVII. mendeko udaletxea, XVI-XVII. mendeetako San Petri Apostoluaren eliza gotiko-Errenazimentukoa, XVI. mendeko Santa Ana ermita eta etxe barroko armarridunak. Pitillaseko aintzira dago udalerriaren eremuetan (255 ha), hegaztientzako babesleku gisa egokitua, egun.  v Historia. XI. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Pitillaseko herria. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.