Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Piongiang

Ipar Koreako hiriburua, Taedong ibaiaren ertzean, Itsaso Horitik 48 km-ra. 2.355.000 biztanle. Hiria ia guztiz suntsiturik gertatu zen Koreako gerran (1950-1953) eta harrezkero berritik eraiki behar izan zuten; zenbait tenplu eta eraikuntza jatorrizko estiloan egin zituzten. Jarduera ekonomiko nagusiak: oihalgintza eta elikadura industria. Beste zenbait produkzio: azukre findegiak, kautxu fabrikak, zeramika lantegiak, etab. Energia hidroelektrikoa eta termikoa. Hiritik hurbil ikatz hobiak, siderurgia, zementuak eta kimika industriak daude. Ipar Koreako komunikabidegune nagusia da. Unibertsitatea, medikuntza eskola. Ipar Koreako liburutegi eta museo nagusiak.  v Historia. Koreako hiri zaharrena da. Elezaharren arabera K.a. 1122. urtean eraiki zuten. Hiriari buruzko lehen berri historikoa K.a. 108koa da. Historian zehar Piongiang dinastia eta erresuma batzuen hiriburua edo bigarren hiria izan da, eta inbasio asko jasan ditu: txinatarrak (668), japoniarrak (1592), mantxuak (XVII. mendea). Txinarren eta japoniarren arteko gerran (1894-1895) hiria desegin zuten eta gerraren ondoko izurriteak ia biztanlerik gabe utzi zuen. Korea japoniarrek beretu zuten denboran (1910-1945) industriagunetzat hartu zuten.