pintura
iz. Sin. margo. Gainalde batean hedatu ahal izateko, isurkari batez nahasirik prestatzen den kolorea; margotzeko erabiltzen den gaia. v Kim. Isurkari erako bainu babeslea, dispertsioan kolore emaile bat (pigmentu bat) daramana. Isurkaria disolbatzaile bat izaten da eta kolore emailea hautsa. Pinturarekin gorputz bat pintatu eta disolbatzailea lurruntzen denean kolore emailea gogortu eta gorputzaren gainazala babesten duela geratzen da. Disolbatzaileez eta kolore emaileez gainera, pinturak baditu bere osaeran beste gai batzuk: ore eragileak, erretxinak, plastifikatzaileak, lehortzaileak eta abar. Pinturetan erabiltzen diren erretxinei dagokienez aurrerapen handiak egin dira azken urteotan. Erretxina naturalez gainera (gomalaka, kolofonia…), beste erretxina mota asko erabiltzen dira. Askotan, mintz babeslea laster era dadin, metal pisuen xaboiak gehitzen zaizkie pinturei (kobalto naftenatoa adibidez). Disolbatzaile organikoak dituzten pinturak olio lehortzaile bat (linazi olioa) edo erretxina alkidiko gogortzaileak izan ditzakete beren osaeran. Apaintzeko asmoz kolore emaile batzuk ere gehi dakizkioke pinturari: burdin oxidoa, kedarra, titanio dioxidoa edo pigmentu organikoak. Kanpoan erabili behar diren pinturentzat, eta eguraldiaren erasoei aurre egiteko, nahitaezkoa izaten da gogortzaile on bat. v Historia. Lehen margo-lanak Paleolitokoak dira, gizakiak leizeetako hormetan eginak: aipatzekoak dira Lascaux eta Altamira leizeetakoak, Madeleine aldikoak. Euskal Herriko leize askotan ere badira: Santimamiñe, Ekain… Geroago, Espainiako ekialdeko harpeetan, giza irudi txikiak egin ziren, lerro soilez, dantzan eta ehizan. v Antzinatean Egipton, Kretan, Grezian eta Erroman landu zen batez ere pintura. Egiptoko margo-lanak piramideetako barneko hormetan eta papiroetan gorde dira. Greziako pinturaren erakusgarririk ez da geratu, zeramikazko ontzietakoa izan ezik, baina, elezaharren eta idazkien arabera, margolari bikainak izan ziren, Apeles eta Zeuxis, esate baterako. Geroago erromatarrek greziarren lanak mosaikoetan eta lurrezko ontzietan kopiatu zituzten. v Erdi Aroko pintura kristauen katakonbetako hormetako ikonografian du sorrera, eta kristau erlijioa hedatzen hasi zenean mosaikoetan eta miniaturetan islatu zen. Halaber, Bizantzioko margolaritza eskuizkribuetako miniaturetan eta ikono edo ohol gaineko margoetan islatu zen batez ere. Ikonografia horren guztiaren eraginpean margolaritza erromanikoa sortu zen. Elizetako hormetan eliztarrei kristaubidea irakasteko helburua zuten freskoak margotu ziren. Margo-lan eskematikoa zen, sinbolikoa, kolore lauez margotutako eta arrasto lodiko marrazkiez inguratutako irudi bakartuak zituena. Eliza gotikoetan, hormetako lehioak handitu zirenez, beste euskarri batzuk bilatu ziren margo-lanetarako: beirateak, erretaulak… Bien bitartean miniaturek goi maila iritsi zuten. Margo-lana, oro har, errealistagoa bihurtu zen, ikuspuntua aldatu zen, eta kolorearekin batera, bolumenak eta itzalak ere landu ziren. XV. mendean margolaritza estilo berri bat sortu zen Flandesen, margoaren aglutinatzailetzat olioa zerabilena. Teknika horri oleo deitu zitzaion. Oleoari esker ordu arte baino obra margotsuagoak eta xehetasun handiagokoak egin ahal izan ziren. Garai hartan oleoa erabili zutenen artean aipatzekoa da Jan Van Eyck flandestarra. v Errenazimentua. Giottoren irakaspenen eraginez, Florentziako pintore batzuek bide berri bati heldu zioten, Flandesko margolaritza joeratik at. Haien helburua errealitatea fideltasunez eta giza irudia perfekzioz irudikatzea zen, baita argiaren eta espazioaren gorabeherak menderatzea ere. Higikunde berri horren aitzindarien artean Piero della Francesca eta Masaccio daude. XVI. mendean Europako artearen erdigunea Florentziatik Erromara igaro zen, eta margolaritzak gailurra jo zuen Errenazimentuaren helburuak gauzatu zituzten Leonardo da Vinci, Michelangelo eta Rafael maisuekin. Bestalde, XV-XVI. mendeen bitartean, oleoa menderatzen zuten veneziar batzuek (Bellini, Antonello da Messina…) argitasuna, margoa eta paisaia landu eta Veneziako eskola bikainaren oinarriak finkatu zituzten. Eskola horretako margolarien artean Tiziano, Tintoretto eta Verones gailendu ziren. Klasizismoaren urte oparoen ondoren krisialdi bat etorri zen, eta Goi Errenazimentuaren eta Barrokoaren arteko zubi izan zen estilo bat sortu zen: manierismoa. 1500 urtetik aurrera Errenazimentuko estiloa Europara hedatzen hasi zen: Alemanian aipagarriak dira Durero eta Cranach Zaharra, Herbehereetan Bruegel Zaharra, Espainian Greco… v Barrokoa. XVII. mendean arte joera berri bat sortu zen, berriz ere, Italian. Caravaggiok errealitatea gordin azaltzeari eta argiari balio handia ematen zion joera naturalista bultzatu zuen. Hala, Errenazimentuko lerro zuzentasunaren ordez higidura eta indarra adierazten zuten irudiak hobetsi ziren. Teknikari dagokionez, oleoa nagusitu zen. Era guztietako gaiak landu ziren, erlijiozkoak gehienbat. Bestalde, Barrokoaren bukaeran sabaiak eta gangak margo-lanez apaintzen hasi ziren. Italiatik kanpora ere hedatu zen: Flandesen Rubens, Holandan Frans Hals, Jan Vermeer, Van Ruysdael eta Rembrandt. Espainian, XVII. mendeari pinturaren urrezko mendea deitu zitzaion: Ribalta, Ribera, Zurbarán, Velázquez eta Murillo margolari handiak garai hartakoak dira. Barrokoaren eragina Hego Ameriketara ere iritsi zen; aipatzekoa da Cuzcoko pintura eskola, Perun. v XVIII. mendean Europako artearen erdigunea Italiatik Frantziara aldatu zen. Han dotorezia eta sentsualitatea nagusitu zen. Italian ganga apainketa joriak egiten jarraitu zuten (Giambattista Tiepolo). Britainia Handian ordu arte ez bezalako margolari bikainak sortu ziren (Hogarth, Gainsborough). Espainian Francisco de Goya gailendu zen; haren tapizetarako kartoiak, erretratuak eta grabatuak margolaritza modernoa iragarri zuten. XVIII-XIX. mende bitartean neoklasizismoa nagusitu zen. Joera horretako margolarien artean Jacques-Louis David flandestarra gailendu zen. Neoklasizismoari erromantizismoa, eta honi errealismoa jarraitu zitzaien. v XIX. mendearen bukaeran ordu arteko joera iraultzaileena sortu zen Frantzian: inpresionismoa. Zenbait pintorek, inpresionismoa landu ondoren, bide berriak urratu zituen nork bere aldetik. Hala, XX. mendeko abangoardiako arte joeren aitzindarien artean, aipatzekoak dira Henri de Toulouse-Lautrec, Vincent van Gogh, Paul Cézanne, Paul Gaugin… Lehen hogeitamar urteetan sortu ziren joerek ordu arteko irudizko margolaritzaren amaiera ekarri zuten: fauvismoa, Pablo Picasso eta Georges Braque-ren kubismoa, Italiako futurismoa, Alemaniako espresionismoa. Beste joera batzuek Europan bizi zen krisiaren aurkako erreakzio gisa sortu ziren: dadaismoa, Holandako neoplastizismoa, Errusiako konstruktibismoa. Bestetik, surrealismoaren jarraitzaileek, Dalí eta Miró-ren gidaritzapean, irudimenez betetako artea, irrazionala eta onirikoa aldezten zuten. Margolaritza abstraktuak, oro har, arte figuratiboaren desagertzea ekarri zuen, irudia guztiz ezabatu zen, eta margolaritza subjektiboa bihurtu zen. Mexikon ere joera berri bat sortu zen, Mexikoko iraultza eta historia azaltzeko horma-irudi handiak egin zituena (Rivera, Orozco, Siqueiros). Bigarren Mundu Gerraren ondoren artearen erdigunea Europatik New York-era igaro zen. 1960tik aurrera joera berriak sortu ziren abstrakzioaren barruan: op art, pot art, land art, povera artea… v Beste herrialde batzuetan, Indian, Japonian eta Txinan batez ere, margolaritzak bere bidea egin zuen, Greziako eta Erromako ereduetatik at. Txinan V. mendetik aurrera paisaiak landu ziren, tintaz, paperean edo zetan. Japonian, Txinako margolaritzaren eragina bereganatu ondoren, estanpa landu zen batez ere. Japoniako margolarien artean Utamaro Kitagawa eta Katsushika Hokusai dira ezagunenak. v Pintura Euskal Herrian. XIX. mendearen erdia arte margolaritzak ez du jarraitasunik izan Euskal Herrian, nahiz eta XV. mendetik aurrera margolari bikainak izan diren. Horietako askok Euskal Herritik kanpora lan egin zuten. XVI. mendeko margolari ospetsuenak Francisco de Mendieta bizkaitarra eta Mexikoko eskolaren sortzaile izan zen Baltasar de Echave zumaiarra dira. XVII. mendean, Ignacio Iriarte azkoitiarrak, Sevillan finkatuta, E. Murilloren margo-lan askoren hondoko paisaiak margotu zituen. XIX. mendean, erromantizismoaren eraginpean, ohiturei eta historiako gaiei buruzko margo-lanak egin ziren batez ere. Euskal margolari gehienek Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan egiten zituzten ikasketak, hango arauei jarraituz margotzen zuten, eta Arte Ederretako sariketetan parte hartzen zuten, beren koadroak ezagutzera emateko, eta, bide batez, Espainiako zein Euskal Herriko aberatsei saldu ahal izateko. XIX. mendearen erdialdean euskal pinturaren historian garrantzi handia izan zuen margolari bat izan zen, euskal giroko ikuspegiak margotu zituena: Antonio Maria Lekuona tolosarra (1831-1907), euskal margolaritzaren aitzindaritzat hartzen dena. Garai hartako beste bi margolari bikainek ez zioten ordea haren bide berari jarraitu; Juan Berroetak Madrilen ikasi eta Madrilgo giroko koadro asko egin zituen, eta Eduardo Zamacois-ek Madrilen egin ikasketak eta Parisen osatu zituen, eta hango giroan murgildu zen. Dirudienez, harrezkero, euskal margolari asko Parisa joan zen, eta hala, mende bukaeran Frantzian sortu zen inpresionismoaz kutsatu ziren. Euskal inpresionismoa Adolfo Guiard y Larrauri (1860-1916) bilbotarrarekin hasi eta sortzez asturiarra zen Darío de Regoyos-ekin (1857-1913) sendotu zen. Fauvismoak ere izan zuen euskal jarraitzailerik, Francisco Iturrino eta Juan Etxeberria adibidez. Bestalde, euskal margolari batzuek Espainiako 98ko belaunaldiko higikunde intelektualarekin bat egin zuten; horien artean, aipagarriak dira Ignacio Zuloaga (1870-1945) eta Manuel Losada (1865-1949), gehienbat Gaztelako paisaiak, izadi hilak eta erretratuak egin zituztenak, eta, haiekin batera, Benito Barrueta eta Gustavo de Maeztu. XX. mendearen hasieran euskal abertzaletasuna burgesia txikian errotzeak eta sozialismoa langilerian hedatzeak eragin handia izan zuten euskal gizartean. Gertaera horrek, oro har, bi joerako margolaritzari bide eman zien, bata euskal esentziaren bila, giza arazoez kezkatua bestea. Lehen joerako margolarien artean Zubiaurre anaiak, Elias Salaberria, Arrue anaiak… daude. Bigarren joera edo errealismo sozialeko margolarien artean Aurelio Arteta (1879-1940) eta Julian Tellaetxe (1884-1960) gailendu ziren. Joera horretako margo-lanetan Euskal Herriko langilearen bizimodua, lantegietako eta meategietako lan arazoak islatu ziren besteak beste. Aipagarriak dira orobat, nahiz eta joera horietatik at egon, Bernardino Bienabe Artia, Ricardo Baroja, Larroque, Martiarena eta beste batzuk. 1936ko gerrak ordea margolari askoren jarduna eta adierazpen askatasuna eten zituen. Euskal Artisten Elkartea desegin zen, Arte eta Langintzako Eskolak itxi ziren eta erakusketak kontrol zorrotz baten pean egiten ziren. Hala ere, 1941etik aurrera euskal artistek elkarteak eta pintore taldeak sortu zituzten beren lanbidea babesteko eta artea sustatzeko. Dena dela, urte horietan, erabilitako gaiei eta joerei dagokienez, berrikuntza gutxi izan ziren, Jose María Uzelay (1903-1979) bermeotarraren surrealismoa izan ezik. 1949an, Jorge Oteiza Euskal Herrira itzuli ondoren, hasi zen euskal artearen pizkundea, hura, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida eta Agustin Ibarrolarekin lehenbizi, eta handik hamar urtera, margolaritza informalista ekarri zuten Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Mari Paz Jimenez, Carmelo Ortiz de Elgea, Juan Luis Goenaga eta beste margolari batzuekin. Urte horietan artea herrira zabaltzeko eta euskal estetika bat sortzeko ahaleginak egin ziren; halaber, artea borrokarako tresna gisa erabili zen, Francoren erregimenaren aurka. Horrenbestean, 1960an Euskal Eskola osatu zuten GAUR, EMEN, ORAIN eta DANOK taldeak sortu ziren Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Joerei dagokienez, informalismoa eta abstrakzioa nagusitu ziren, nahiz eta batzuek, Ibarrolak adibidez, errealismo soziala lantzen jarraitu zuten. XX. mendearen bukaeran margolaritzak bizi-bizirik dirau, eta izenen bat aipatzekotan, ezin ahantzi G. Txillida (1926), C. Sanz (1943), R. Valverde (1953), M. P. Herrero (1942), B. Ameztoy (1946) eta A. Nagel margolari-eskultorea (1947).