Pintat Solans, Josep
Andorrar politikaria (Sant Juliá de Loria, 1925 - Bartzelona, 2007). Lehen ikasketak Andorrako eskola espainiar zein frantsesetan egin zituen. 1960. urtean hasi zen politikan, legebiltzarreko kide hautatu zuten urtean. 1963 arte egon zen kargu horretan, eta ondoren Sant Juliá de Loriako alkate (1969-1970) izan zen. 1982an berriro itzuli zen legebiltzarrera, eta handik bi urtera Andorrako gobernuko lehendakari hautatu zuten, legebiltzarraren babesa galdu zuen Oscar Ribas lehendakari ohiaren ordezko gisa. 1985eko hauteskundeen ondoren berriro eskuratu zuen Pintatek lehendakari kargua Andorrako legebiltzarreko 28 botoetatik 27 boto eskuratu zituelarik. 1990 arte izan zen lehendakari, eta bere agintaldian Europar Batasunarekiko elkarrizketetan nabarmendu zen nagusiki, Andorra hirugarren herri gisa ezagutuko zuen estatutua onar zedin egindako lanean. 1989an merkaritza hitzarmen bat sinatu zen, bere ekimenez, Andorraren eta Europar Batasunaren artean.