Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pilota

iz. Jolasean ibiltzeko erabiltzen den bola biribila; bereziki, izen bereko euskal jokoan erabiltzen dena. ◊ Pilota jokoa. || Pilota plaza. Ipar. Pilotalekua.  v  Pilota jokoa. Kirol. Kanpoan sortua izan arren, egungo pilota jokoa Euskal Herrian garatu zen, bertan arautu da eta bertatik zabaldu da mundura. Antza denez, XVII-XVIII. mendeetan Europan zehar aski hedaturik zeuden pilota jokoen finkatzea da euskal pilota. Nolanahi den, garaiko lekukotasunen arabera XVIII. menderako pilota guztiz errotua zen Euskal Herrian: herri bakoitzak bere pilotalekua bide zuen, hartarako Elizako edo Udaletxeko horma bat erabiltzen zelarik. Gaur ezagunenak diren pilota jokoak XIX. mendearen erdialdean finkatzen eta arautzen hasi ziren. Euskal Herritik Frantziara eta Espainiara zabaldu zen aurrenik, eta Ameriketara, Filipinetara, Italiara eta Txinara gero. Hedapen horren arrazoia XX. mendeko lehen urteetan pilotariak lanbidez profesional bihurtzea da: pilota enpresek pilotariak kontratatzen dituzte, eta ikusleen arteko trabesak dira diru iturri nagusia. Bestalde, XX. mendeko komunikabideek, egunkariak, irratia eta telebista, profesionalizatu joko mota horiek, eskua, pala, zesta-punta, erremontea, zabaltzen laguntzen dute. Mundu profesional horren ondoan, baita beraren oinarrian ere, kirol hau egiten duten zaletu asko dago. Maila askotako txapelketetan esku har dezake zaletuak; haietan gorena lau urtez behin egin ohi diren Munduko Txapelketak dira.  v Joko motak. Pilota jokoak sailkatzerakoan hiru berezitasun hartzen dira kontuan: pilota jotzeko tresna –eskua, pala, eskularrua, erremontea, xistera (zesta), sarea, raketa–; jokalekua –plaza luzeak, pareta bakarreko frontoia, bi paretako frontoia (motza eta luzea), trinketea–, eta elkarren aurka jokatzen dutenen kopurua –banakoa, bikotea, taldea–. Beste ezaugarri nagusi batek bereizten ditu pilota jokoak: zuzenekoak ala zeharkakoak izatea. Lehenbizikoetan jokalari taldeek aurrez aurre jokatzen dute, pilota jo, eta marra edo sarea gainditzen eta aurkarien eremuan sartzen ahalegintzen; XIX. mendearen bigarren erdialdetik harat nagusitu ziren zeharkakoetan, ordea, pilota frontisaren aurka jaurtikitzen da aurkako pilotariak jo aurretik.  v  Zuzeneko jokoak. Antzinakoenak dira, maiz aski agertzen den pilotasoroa toponimoak salatzen duenez. Izan ere, halakoetan jokatzen bide zuten behinolako euskaldunek eremu lau eta errektangular baten erdian marra bat jarri eta alde batetik bestera pilota pasarazten. Mota horretakoak dira laxoa eta errebotea. Biak gutxienez frontis batez hornituriko plaza luzean (70-100 m) jokatzen dira, lau edo bost laguneko bi talderen artean; sakea botarri batetik egiten da –eskularru batez laxoan, esku hutsez errebotean– eta tantoak kintzeka eta jokotan kontatzen dira tenisean egin ohi denaren antzera; laxoa  eskularruz soilki jokatzen da, eta errebotean bai eskularruak eta bai xistera txikiak erabiltzen dira. Bietan zuzena ez den jokaldi bakarra sakea da, paretan jo behar baitu –edozein altueratan–, errerefera egin ahal izan aurretik; bietan, halaber, talde bakoitzaren joko eremua bereizten duen marra (arraia) tokiz alda daiteke jokoaren gorabeheren arabera. Laxoa XVIII. mendeko joko nagusia da, bertsoetan ospaturiko Perkain handiarena eta Iztuetaren idatzietan ageri dena; egun, Nafarroako Baztanen eta Malda Errekan baino ez da jokatzen. Aurrekoaren bilakaera eta garapena besterik ez den errebotea XIX. mendeko jokoetan erregea izan zen; gaur, Gipuzkoako Billabonan eta Zubietan eta Nafarroa Behereko eta Lapurdiko beste herri batzuetan (Baigorrin, Donibane Garazin, Hendaian, Donibane Lohizunen, Hazparnen...) bizirik dago. Pasaka ere zuzeneko jokoa da. Trinketean edo arkupeetan jokatzen da, eskularruz edo esku hutsik; pilota joko eremuaren erdian jarritako sare baten gainetik pasa beharra delarik. Gaur Baztanen eta Iparraldeko zenbait herritan jokatzen da.  v  Zeharkako jokoak edo plekako jokoa. Joko hauek pilota frontisaren kontra eramanaz jokatzen dira; zalantzarik gabe hauek dira gaur egun zabalduenak. XIX. mendearen erdialdean loratzen hasi ziren eta hasieran joko “ortodoxoen” aldekoak haien kontra baziren ere, azkenik alboratu egin zituzten. Joko mota hauetarako erabiltzen diren frontoiak motzak edo luzeak izan daitezke; motzetan eskuz, paletaz edo pala motzez jokatzen da, luzeetan zesta puntaz, erremontez edo palaz. Frontoi motzek 30 eta 43 metro arteko neurria izaten dute, luzeek berriz 50 metrotik gora. Gisa honetako jokorik aipagarrienak eskuzkoa, pala, joko garbia, erremontea, zesta punta eta xarea dira. Eskuzko pilota da seguruenik bertako zaletuek gehien estimatzen dutena eta profesionalen munduan Euskal Herriko ezagunena, batik bat urtero jokatzen den buruz buruko edo manomanoko txapelketagatik. Tresneriarik gutxiena eskatzen duen joko mota izanik, Euskal Herrian eta Errioxa aldean edonon jokatu izan da: horma bakarreko frontoietan, bi paretako frontoietan, arkupeetan eta, oro har, pareta libre zegoen edozein lekutan. Bada frontoi mordoa, eta garai batean zesta puntaren goraldiak eskuzko pilotari kalte handia ekarri bazion ere, laster indartu zen atzera. Nekez laburbil daietezke eskuzko pilotan nabarmendu diren hainbat jokalari handiren izenak. Aipagarriak dira, besteak beste: “Takolo” azpeitiarra, Sustarra azkoitiarra, Jose Joakin Larrañaga “Azkoitiko Txikito” ezizenez ezaguna, Bernardo Garate “Kantabria” ermuarra, Juan Bautista Azkarate “Mondragonés”. Halaber, ezin daitezke zerrenda honetan aipatzeke utzi  Mariano Juaristi, “Atano III.a”, askoren ustez kirol honek izan duen pilotaririk handiena, hogei urtez jarraian buruz buruko txapelduna izan zen azkoitiarra; Migel Gallastegi eibartarra, Jesus eta Angel Garcia Ariño; “Ogeta” ezizenez ezaguna zen Jose M. Palacios; Hilario Azkarate; Luziano Juaristi “Atano X.a”, lehen aipatuaren iloba; Juan Inazio Retegi eta haren iloba Julian, “Retegi II.a”, XX. mendeko azken laurdenean izan den eskuzko pilotaririk handiena eta Galarza III.a eta Josean Tolosa pilotari handien izenak nolabait ilundu dituena. Egungo eskuzko pilotari handienek, beste zenbait motatako pilotarien antzera, pilota dute lanbidea eta pilota enpresentzat lan egiten dute. Palazko pilotan pala luzea eta motza bereizten dira. Egun erabiltzen den pala luzeak gehienez 52,5 cm-ko luzera izan behar du, eta pisua 800-900 gramo artekoa izan ohi da. Pala motza frontoi motzetan erabiltzen da, pilota motelagoz; gehienez 51 cm luze eta 650-750 g pisu izan behar du. Palista handiak izan dira besteak beste: “Amorebietako Txikito II.a”; Kintana anaiak; Juanito Arakistain; Arsenio Merodio “Gallartako Txikito” eta Juanito “Begoñés”, hark sartu baitzuen ikusgarritasuna pala jokoan, kolpe mota guztiak menderatzen zituela. Gerokoak ere aipagarriak dira: Manolo Iturri, zaletu askoren ustez izan den palistarik handienetakoa, Artzelus, Goldarazena, Ipiña, Utge, Alustiza etab.  Pala jokoa arras zabaldu da bai Euskal Herri osora nola Espainiako eta Kataluniako hiri handietako frontoietara ere. Kuban eta Mexikon ere jokatzen da. Profesionaletan partiduak Donostiako Karmelo Baldan eta Bilboko Deportivoan jokatzen dira egun. Herri mailan paleta jokoa, larruzko edo gomazko pilotaz trinketean edo frontoian jokatzen dena bide da Euskal Herri osoan zabalduena. Joko garbia plaza libreetan jokatzen da, hots, ezker paretarik ez duten frontoietan jokatzen da. Erabiltzen den tresna xistera txikia da, zesta puntarako eta erremonterako erabiltzen direnen artekoa. Izenak aditzera eman nahi duenez, pilotari ez zaio eusten, jaso bezain pronto botatzen baita atxikirik egin gabe. Hiru jokalarik osaturiko bi talderen artean jokatzen da gehienbat. Zesta punta edo xistera handia munduan zehar euskal pilota jokorik ezagunena da dudarik gabe. Xistera sakonez eta atxiki nabarmena eginez jokatzen da; pilota saskiaz jaso eta hanka geldian bota egiten da. Joko honen jatorria XIX. mendearen bukaera aldekoa da. Nonbait 1887. urtean sortu zuen Meltxor Gurutzeaga jokalariak orduan “mauser” izenez ezagutu zen saski berria. 1887an Buenos Airesen jokatzen ari zela eskumuturra hautsi zuen, eta ohiko xistera erabiltzeko zailtasunak zituen; hala, xistera handiago eta sakonago bat egin zuen atzekoz aurrera jo eta indar gutxiago erabiliz jokatzeko aproposa zena. Argentinan zabaldu zen aurrenik eta gerora etorri zen Euskal Herrira. 1894. urtean jokatu zen Donostian puntazko lehen partidua. Joko honi “Jai alai” ere deitu izan zaio, Ameriketan batik bat. Euskal Herrian jokatzen diren pilota motetan gehien esportatu dena da, eta kanpoan hemen baino jarraitzale gehiago ditu. Jokoaren ikusgarritasuna zela eta, toki askotan eraiki ziren zesta puntako frontoiak: Europan (Italia, Belgika), Ameriketan (Estatu Batuak, Argentina, Kuba, Mexiko) eta Asian (Xangai, Filipinak) besteak beste. Estatu Batuetan frontoi sail handia –13 gutxienez– dago; haietatik ezagunenetakoak Daytona, Orlando, Las Vegas, Harthford eta Miamiko Jai Alai dira. Euskal Herrian Gernikako Jai Alai pilota lekuan urte guztian izaten dira partiduak, eta udaldian, besteak beste, Markinan eta Durangon ikus daitezke. Maila handiko pilotari asko eman ditu xistera handiak. Hona haietariko batzuk: “Kanboko Txikito”, Eusebio Garate, “Erdoza Menor”, Estanislao Maiztegi “Piston”, lehen garaikoen artean, eta modernoen artean Jesus M. Arriola “Ondarrés”, Luis M. Bengoa “Txino”, Txutxo Larrañaga, Jose M. Rezola “Tximela” eta azken garaietako puntistarik onenetakoa, “Bolibarko Txikito”. Erremonte jokoan pilota jaso eta atxiki egin gabe botatzen da atzera frontiserantz. 1904. urte aldera Juanito Moia jokalari nafarrari otu omen zitzaion erabiltzen ziren xisterak baino arinago eta luzeago bat egitea. Azkar zabaldu zen tresna berria. Lehenbizi Iruñeko Euskal Jai-n hasi zen jokatzen. Gero, 1910 inguruan, beste zenbait hiritara hedatu zen: Donostiara, Logroñora, Madrila. Julian Arzamendi eta Ramon Salsamendi “Salsamendi II.a” garai haietako jokalaririk onentsuenetarikoak izan ziren. Gero, Jose Irigoien “Nafarroako lehoia” deituaren garaiak izan ziren harik eta 1926an Jesus Abrego erremonteko jokalaririk onenaren mende geratu zen arte. Abregoren ondorengoa eta maisua erretiratu arte haren lehiakide gogorra, Jose Maria Salsamendi “Salsamendi III.a” izan zen. Geroztik jokalari aipagarri asko izan dira, horien artean, Intxauspe, Raul, Matxin, Mujika, Intxaurburu, Ibero, Urteaga, Iriarte, Agerre, Ezkurdia, Saldias. Sare jokoa ez da egun oso zabaldua Euskal Herrian. Sarea pala itxura duen makila bihurritu batez eta erdian harizko armiarma sare moduko batez osatua da. Pilota sare deritzonaz jaso eta frontisera botatzen da; trinketean eta frontoian joka daiteke. Uruguai eta Argentina aldera eraman zuten euskal emigranteek eta han izan du arrakastarik gehiena. Euskal Herrian gehienbat Iparraldean jokatzen da.