Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pilnyak, Boris

(Jaiotza izenez Boris Andreievitx Vogau). Sobietar idazlea (Mozhaisk, Errusia, 1894 - ?, 1937). Eskola sinbolistako kide izan zen. 1922an hasi zen ezagun egiten bere Goly God (1922, Mixeria gorriko urtea) eleberriarekin; eleberri horretan Errusia Mendebaletik askatzeko ekimen gisa deskribatu zuen Errusiako iraultza. 1926an arazo larriak izan zituen Povest nepogashennoy luny (Itzaltzen ez zen ilargiaren historia) eleberriarekin, Frunze buruzagiaren hilketa kontatzen baitzuen; 1929an ere arazoak izan zituen Krasnoye derevo (Mahogani) eleberria Sobietar Batasun ohiaz kanpo argitaratu zuelako. Volga vpadayet v Kaspiyskoye more (1930, Volgak Kaspiar Itsasoan du amaiera) obran nolabait agintariekin bakeak egin nahi izan zituen, bost urteko planen goraipamena eginez. 1937tik aurrera, Stalinen zapalkuntzekin, haren izena eta obra guztiak ezabatu eta ahaztu ziren. Stalin hil ondoren jakin zenez, 1937. urtean atxilotu eta urte berean hil zuten.