petrolio
iz. Isurkari itsaskorra, arre iluna, lurpeko hobietan pilatzen dena eta energia iturri gisa erabiltzen dena. v Hidrokarburo nahastura batez eratua da, eta jatorri organikoa duen olio minerala da petrolioa. Hidrokarburoak parafinikoak, zikloparafinikoak (naftenikoak) eta aromatikoak izan daitezke, eta osaeran sufre portzentaia txikia izan behar dute, eta ia ez dute izan behar nitrogenoaren eta oxigenoaren konposaturik. Lurpeko poltsetan pilatua agertzen da, eta lur gainera azaleratzen denean neurri txikian edo handian itsaskorra den isurkaria da. Nahiz eta petrolioaren kolorea beltza dela esan ohi den, beste kolore batzuk ere izan ditzake: arre iluna edo berdetsua, adibidez. Beste geologia aro batzuetako gai organikoen deskonposaketaz eratu zen petrolioa. Gaur egun onartzen denez gai organiko horiek (planktona, zuhaitzak, animalia hilak…) itsaso eta aintziren hondoan pilatu ondoren ibaiek ekarritako harri sedimentuez estaliak izan ziren; ondoren bakterio anaerobioek deskonposatu zituzten gai organiko horiek; lurpeko tenperaturaren igotzeak eta presioaren eraginak erreakzio kimikoak sortarazi zituzten eta horien guztien eraginez petrolioa eratu zen. Petrolioa, erregai garrantzitsuenen iturri nagusia izateaz gainera, plastikoak, kolore emaileak, labaingarriak, disolbatzaileak eta beste produktu batzuk egiteko erabiltzen diren kimika gai askoren lehengaia ere bada. Lehengai horiek petrolioaren cracking bidez lortzen dira, eta hauek dira garrantzitsuenak: gasak (butanoa, etanoa, propanoa), gradu desberdinetako naftak, gasolina, kerosenoa, olio erregaiak, gasoila, olio labaingarriak, parafinazko argizariak, asfaltoa eta abar. Gas horietatik etilenoa, butilenoa eta propilenoa lortzen dira; hauek alkoholak eta etilenglikolak ekoizteko eta plastikoak, elastomeroak eta botikak prestatzeko beharrezkoak diren zenbait monomero prestatzeko oinarrizko lehengaiak dira. Bentzenoa, fenola, toluenoa eta xilenoa ere petroliotik lor daitezke, eta badira petrolioaren eratorriak diren beste milaka gai, sintesi bidez ekoizten diren proteinak besteak beste. Petrolioa lur gainera ateratzeko lehen zulatzea 1859an egin zen Pennsylvanian, eta lurra 20 metro bakarrik zulatzea lortu zen. Gaur egungo makineria modernoa erabiliz 7.000 metrotaraino iristen dira zuloak. Petrolioa energia iturri berriztaezina da, eta egunen batean ahitu egingo da beraz. Gaur egun ezagutzen diren petrolio hobiak kontuan izanik ondorengo bada petrolioa 30 urterako. Hobi nagusiak Ipar Ameriketan, Hego Ameriketan, Ekialde Hurbilean (han daude munduko hobien erdiak ia) eta Errusian daude.