Petrarca, Francesco
Italiar idazlea (Arezzo, 1304 - Arquà, 1374). Haren familia Florentziatik erbesteratua izan zen, eta, haiekin batera, artean haurra zela, Proventzara joan behar izan zuen. Lege ikasketak egin zituen Montpellier-en eta Bolonian. 1326an Avignon-era joan zen, Aita Santuaren gortera, eta han ordena txikiak hartu zituen. Handik urte betera ezagutu bide zuen Laura, bere Canzionere obra nagusiko pertsonaia eta musa. Idazteari, ikasteari eta bidaiak egiteari ekin zion, zenbait handikiren diru laguntzari esker. Italieraz idatzitako olerkiekin batera, latinez ere idatzi zuen, ez gutxi. Nabarmentzekoa da obra horien artean 1338an hasi zuen Africa poema epiko luzea, Eszipion-i buruzkoa. 1341ean, poesia saria jaso zuen Napoliko Roberto erregearen eskutik. Garai hartan hasi zen Secretum obra idazten, latinez idatzi zituenen artean interesgarrienetakoa, San Agustinen eraginpean idatzia. 1345etik aurrera, bolada batez, bere Vaucluseko etxean sartu eta erlijio bakardadearen loria goraipatu zuen hainbat idazlanetan: De vita solitaria, De otio religioso, eta Bucolicum carmen (eglogak). Politikan ere parte hartu zuen Cola di Rienzoren eskutik. Petrarcarenak dira, halaber: De viris illustribus, Rerum memorandarum libri, Contra medicum quendam, De sui ipsius et multorum ignorantia eta De remediis utriusque fortunæ, latinez; eta I Trionfi, italieraz idatzi zuen poema alegorikoa. v Nahiz eta latinezko obrak garrantzi handikoak diren Petrarcaren psikologia eta humanismoa ezagutzeko, Petrarcari italierazko Canzoniere (Kantutegia; 366 kantu guztira) obrak eman zion sona eta ohorea. Tradizio siziliarraren eta proventzerazkoaren ildoan idatzia dago, eta maitasuna du gai nagusia. Sentimenduen azalpena, irudiak, hiztegia bera ere, nahiko arruntak badira ere, Petrarcaren handitasuna sentimenduak erritmora eta neurkerara egokitzean datza, eta, orobat, gizakiaren zerunahiaren eta mundunahiaren arteko tentsioaren azalpenean.