Pelli, César
Argentinar arkitektoa (San Miguel de Tucumán, 1926). Bere sorterriko arkitektura fakultatean eskuratu zuen arkitekto titulua, eta 1952. urtean Estatu Batuetara aldatu zen ikasketak osatzera. 1954-1964 bitarteko urteetan Eero Saarinen estatubatuar arkitektoaren estudioan lan egin zuen, eta hura hil zelarik Mann, Johnson & Mendelhall estudioan hasi zen lanean, Los Angelesen, diseinu zuzendari gisa. Hurrengo urteetan hainbat estudiorentzat lan egin zuen, harik eta 1977.urtean bere kasa hasi zen arte. Argentinako artista ospetsuenetako bat da, eta hainbat sari jaso ditu bere karreran zehar Asociación Internacional de Arquitectura eta Progressive Architecture Magazineren eskutik; 1976an, bestalde, Arnold W. Brunner saria eman zioten Arte eta Letretako Amerikar Akademia eta Institutuak. Urte hartan bertan Yaleko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako dekano izendatu zuten. Bere arkitektura obrei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak dira erakin publikoetarako diseinuak, adibidez, Teledyne Laborategiak (1966, Kalifornia), COMSAT Laborategiak (1967, Maryland), Estatu Batuetako enbaxada, Tokion (1972, Japonia), New Yorkeko Arte Modernoko Museoa handitzeko proiektua (1977-1984), Financial Center eraikina, Winter Garden barne duela (1981-1987, New York City), eta Buenos Airesko finantza barrutiko dorre bat (1996).