Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pekin

edo Beijing. Txinar Errepublika Herritarreko hiriburua eta lurralde autonomoa, Hebei-ko eskualdean, Txinako errepublikaren ipar-ekialdean. Biztanleak: 10.819.407 (1990); 16.800 km2. Iparraldean Mongoliako ordokiarekin egiten du muga eta ipar-ekialdean Yan Shan mendiekin. Klima epela du, montzoien eragina izaten duena. Neguak luzeak, hotzak eta lehorrak dira; udak epelak eta hezeak. Politika eta administrazio hiri nagusia izateaz gainera, unibertsitateak, museoak, teatroak eta antzinako eraikuntza ugari ditu. Altzairugintza, kimika industria, oihalgintza, beiragintza, makineria eta elektronika dira ekonomia jarduera nagusiak. Antzinako eskulangintzak ere badu garrantzia (tapizak, portzelana eta bitxigintza).  v  Hiria harresiz inguratutako bi hiri txikiagoez dago osatua: iparraldean, barneko hiria edo “tartaroen hiria” dago, eta hegoaldean, “txinatarren hiria”, Ming-en garaian barneko hiriari erantsitakoa. Gaur egun auzo berrien eta industriaguneen eremua da. Barneko hiria enperadorearen hiria zen, eta han dago “Hiri Debekatua” edo enperadorearen jauregien egoitza. Pekin-go eraikuntza aipagarrienak Ming-en eta mantxuen garaikoak dira; Lurraren eta Ilargiaren tenpluak, Zeruko tenplua (XV eta XVI. mendekoak), Konfuzioren tenplua eta Hiri Debekatuko jauregiak eta eraikuntzak; Udako jauregia (XVIII. mendekoa) eta Ming-tarren hilobiak.  v  Historia. K.a. V. mendean Yan-en erreinuak Ji hirian kokatu zuen hiriburua, Pekin-dik hurbil. Shi Huangdi-k (Qin dinastiakoak) hiria desegin zuen. Han dinastiakoek berriz eraiki zuten, eta herri txiki hari Yan izena jarri zioten. Geroztik Yan iparraldeko mongoliarren eta txinatarren arteko borrokagune izan zen. Mongoliarrek XIII. mendean Txina hartu zutenean, Kublai Khan-ek Pekinen kokatu zuen hiriburua eta Dadu (Kanbalik) izena eman zion. Marco Polo-k eman zuen garai oparo horren berri. XIV. mendeko nekazarien iraultzak mongolak aginpidetik bazterrarazi zituen. 1420an Ming dinastiaren (1368-1644) hiriburua izan zen Peking (“Iparraldeko Hiriburua”). Garai horretakoak dira Pekin-go eraikuntzarik ospetsuenak. 1644an mantxuak iritsi ziren aginpidera eta Pekin hartu zuten hiriburutzat. 1856-1860 bitarteko urteetan Erresuma Batuaren eta Frantziaren kontrako gerran aritu zen Txina; harrezkero Pekin-en enbaxadak kokatzeko baimena izan zuten mendebaleko herrialde horiek, baina 1900ean “boxerren matxinada” izan zen Pekinen. Mantxuek 1911n galdu zuten aginpidea, baina Pekin hiriburu gisa geratu zen 1928 arte. Orduan Nanking izan zen Txinako hiriburua. 1937tik 1945 arte japoniarren mende egon zen hiria, eta 1949an berriro izan zen Txinako hiriburu. 1960 ondorengo urteetan, kultura iraultzaren garaian, istilu ugari izan zen Pekinen. 1989an txinatar gudarosteak ikasleen kontrako sarraski bat egin zuen Tiananmen plazan.