patrizio
(Lat. patricius). iz. Erromako lehen garaietako goi klase bateko kidea. Erromako lehen senatua osatzen zuten zaldun aitonen semeen ondorengoak bide ziren. K.a. 400. urte aurretik magistratura eta apaizgo guztiak beren esku zeuden. Plebeioek patrizioen eragina murriztu zutenez, aurreneko errepublika garaietan goi kargu zenbait besterik ez zituzten gorde: apaizgo zahar batzuek, senatuko buruzagitza, etab. Beranduko errepublika aldian patrizioen eta plebeioen arteko bereizkuntzak garrantzi politikoa galdu zuen. Inperioaren garaian, patrizioen klasea zenbait eskubideren jabe zen, enperadoreak soilki multzo horretatik irten zitezkeelarik. Konstantinoren erregealdiaren ondoren (306-337), garrantzi handiko titulu bihurtu zen, hirugarrena, enperadorearen eta kontsularen ondoren. || Erdi Aroan, patricius Romanorum Aita Santuak enperadoreei ematen zien titulua izan zen, Karlomagnorengandik (IX. mendea) hasi eta Frederiko I.a Bizargorrirenganaino (XII. mendea).