Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pastel

iz. Heg. Sin. pastiza. Barruan gai gozoren bat duen ore azukreduna, labean errea.  v  Pastel margolaritza. Art. Lehorrean margotzeko teknika, makilatxo formako margo hauskorrak erabiltzen dituena. Pastel margoak aglutinatzaile pixka bat, gai likatsuren bat gehienetan, eta, XX. mendeaz geroztik, metil zelulosaz egindako kolorezko hautsez osatuak dira. Kolore multzo zabala dute; kolore bakoitzaren era ilunena hauts soila eta aglutinatzailea besterik ez duena da eta beste koloreak zuriarekin nahasita lortzen dira. Paperean jarrita itxura freskoa eta distiratsua dute eta koloreak ez dira aldatzen. Pastela azalean geratzen denez gero ordea, erraz ezaba daiteke, baldin eta beirazko estalkirik edo eta gai finkatzailerik eransten ez bazaio margolanari. Pastel margolaritza Italian sortu zen XVI. mendean eta J. Bassano eta F. Barocci margolariek erabili zuten lehendabizi. XVIII. mendean hedatu zen, eta trebetasun handiz landua izan zen garai hartan, batik bat Frantzian. Garai berriagoetan aipamen berezia merezi dute Degas, Odilon Redon eta Picassoren pastelek.