Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

paseriforme

izond. Zool. Hegazti neognatoen azpiklaseko izen bereko ordenako txoriez esaten da. Hegazti motarik gehieneko ordena da, 5.100 bat mota biltzen ditu bere baitan eta beste guztiek batean 3.500 bat dituzte. Neurri txiki samarrekoak dira gehienak, baina badira isatseko luma eta guzti metro bete har dezaketeenak. 9-10 arraun-lumako hegoak, eta 12 lema-lumako isatsa dituzte. Lau behatzeko hankak dituzte. Barrualdeko behatza atzera itzulia dute. Egitura jakineko mokorik ez dute; familiaren eta generoaren arabera, motza, sendoa, fina edo okertua izan dezakete. Itsuak, lumarik gabeak eta janaria aurkitzeko gaitasunik ez dutela jaiotzen dira eta habian egoten dira erabat lumatu eta hegarako gai egin arte. Kantari onak dira gehienak. Elikatzeko moduan ez daiteke bat eredutzat jarri, batzuek hazijaleak, besteak fruitujaleak, besteak intsektujaleak baitira, eta denetarik jaten duten paseriformeak ere bai baitira. Oso eskualde hotz edo lehorretan, eta Asiako hego-ekialdean izan ezik mundu guztian zabalduak daude.