osa
iz. Biokim. Azukre bakunen edo hidrolizatzen ez diren azukreen genero izena. Azukre hauek alkohol funtzio batzuk eta aldosa edo zetosa funtzio bat dituzte. Horrela, aldosak edo zetosak izan daitezke osak. Aldosa gehienen formula orokorra hau da: CH2OH-(CHOH)n-2-CHO. Zetosa gehienena, berriz: CH2OH-(CHOH)n-3-CO-CH2OH. Molekulan dituen karbono atomoen kopuruari begiratuta, osak honela sailkatzen dira: triosak, tetrosak, pentosak, hexosak etab. Osa gehienen jatorria, normalean, landareak izaten dira. Solidoak dira, erraz urtzen dira eta zapore gozoa dute. Guztiak erreduzitzaileak dira. Aldosa garrantzitsuenen artean hauek daude: d-glukosa, d-galaktosa eta l-ribosa. Zetosa garrantzitsuenak, berriz, d-fruktosa eta l-sorbosa dira.