Orreagako Gudua
Baskoiek frankoen errege Karlomagnoren gudarostea garaitu zuten gudua, 778. urteko abuztuaren 15ean. v Ia Iberiar Penintsula osoa musulmanen mendean zegoela, 756. urtean Abd al Rahman I.ak Kordobako emirerriaren aginpidea hartu zuen, baina iparraldeko buruzagi musulman batzuek ez zuten haren buruzagitza onartu. Ebro ibaiaren ibarra, Zaragozatik Bartzelonara, Abd al Rahmanen aginpidetik kanpo geratu zen, Suleiman ibn Yaqzan al-Arabi, Abul Aswad —Abd al Rahmanek aginpidea kendu zion Yusuf al-Fihri Al-Andalusiako gonernadorearen semea— eta al-Husayn ibn Yahya al-Ansari buruzagien mendean. 777. urteko udaberrian Suleiman eta Abul Aswad Saxoniako Paderborn hirira joan ziren Karlomagnori Kordobako emirraren aginpidetik bereizteko laguntza eskatzera eta, laguntza horren ordainez, beren mendean zituzten hiriak eskaintzera. Karlomagnok musulmanen mendekotasuna eta eskaintza onartu zituen, eta hurrengo urteko udaberrian, haren gudarostea, bi ostetan banatua, Pirinioen bi muturretatik barrena sartu zen Iberiar Penintsulan. Bata, Sptimaniatik barrena, Bartzelona, Lleida eta Huesca Karlomagnoren izenean beretu ondoren, Zaragozaraino iritsi zen. Bestea, Karlomagnoren gidaritzapean, Orreagatik barrena, Iruñeatik iragan eta Zaragozaraino iritsi zen batere eragozpenik gabe. Dirudienez, arrazoiak ez baitaude oso garbi, al-Husayn-ek ez zion Karlomagnori Zaragozan sartzen utzi, eta honek itzultzea erabaki zuen, ez baitzen hiria setioan ezartzeko behar bezala horniturik joan, baizik eta hiriaz jabetzera. Beste batzuek diotenez, ordea, ez zen saldukeriarik izan. Karlomagnok hirien jabetza sinbolikoa hartu eta haiei laguntzeko hitza eman zuen. Hala, oligarkia musulmanaren aurka matxinatu ziren baskoiak azpiratzea erabaki zuen, eta Iruñea suntsitu zuen. Itzuleran, Pirinioetako nonbaiteko mugan, in ipso Pirinei iugo, (zein tokitan argi ez badago ere, jakitun gehienen eta elezaharraren arabera, Orreagan izan daitekeela uste da) baskoiek sekulako triskantza eragin zuten Karlomagnoren gudarostearen atzeko soldaduen artean. Guduan, beste askoren artean, Errolan Bretainiako Markako dukea hil zen. Karlomagnoren kronikari Eginhardok eman zuen guduaren berri. Gertaera horretan oinarritua da Chanson de Roland (Errolanen kantua) kantu epikoa. v Orreagako guduaren oihartzunak luzaroan iraun zuen Europa mendebalean eta elezahar iturri oparoa gertatu zen handik aurrera. Karlomagnoren kronikariek idatzirikoa neurri batean alde batera utzi eta epikotasun molde berri bati (frantsesen chansons de geste direlakoak) sarrera egiteko erabili zuten poetek X. mendetik aurrera. X. mendearen bukaeran idatzi zuen Turold izeneko batek La Chanson de Roland poema ospetsua, frantsesaren dialekto anglo-normandiarrean idatzia. Erdi Aroan bertsio huraxe baizik ez zen ezagutu Orreagako guduaren inguruan eta erromesen ohoratzegune bihurtu ziren Ibañetako kapera, elezaharraren arabera Karlomagnok eraikia, eta Errolanen omenean jasoriko erietxea. Errolan bera ere gizon kristau adoretsu eta indartsuaren irudi bilakatu zen. Orreagako guduaren inguruko poema gehiago idatzi zen Erdi Aroan zehar. XIII. mendearen bukaeran idatzi zen gaztelaniaz Orreagako Kantua (Cantar de Roncesvalles gaztelaniaz) deituriko poema. Zati txiki baten kopia (XIV. m.) aurkitu zuten Nafarroako Artxibo Nagusian. 1834an eman zen ezagutzera Altabizkarko Kantua, Orreagako gudua kontagai duena, euskaraz eginiko kantu apokrifoa. Roland eta Charlemagne pastoralak egin ziren XVIII. eta XIX. mendean, elezahar horretako bertsio berantiarretan oinarri harturik.