Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orreaga

Nafarroako udalerria (Zangozako merindadea). Orreaga-Roncesvalles du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Luzaide eta Orbaizeta; ekialdean, Aezkoako mendiak eta Orbaizeta; mendebalean eta hegoaldean, Auritz. Garaiera, 852 m. 14,29 km2 eta 31 biztanle 1999ko datuen arabera, 31 biztanle (orreagatarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Euskara XX. mendearen azken urteotan galdu da. Zerbitzuen alorra da ekonomia jarduera nagusia (langileen % 90). Luzaidetik eta Ibañetako lepotik zehar, Pirinioaldean dagoen Frantziarako igarobiderik garrantzitsuenetakoa da Orreagakoa. Bertan dago XIII. mendearen hasierako kolegiata gotikoa. Aipagarriak dira XVII. mendearen hasierako klaustroa (jatorrizkoa erori zen), XIV. mendeko San Agustin kapera (bertan dago Antso Azkarraren hilobia) eta garai bereko Santiago kapera.  v Historia. Bi gudu aipagarri irabazi zituzten euskaldunek frankoen aurrean 778an eta 824an. Lehen garaipen haren oihartzunak Europa guztira zabaldu ziren Erdi Aroan zehar Chanson de Roland kantu epikoaren bidez. XI. mendetik aurrera Santiago Konpostelakora zihoazen Europako erromesen igarobideko pausatoki garrantzitsuenetako bat izan zen. Aurreneko ostatu eta erietxeari segida emanez, elizaren eraikuntzari ekin zion Antso Azkarra Nafarroako erregeak 1127an. XII eta XIII. mendeetan asko zabaldu zen Orreagako abatetxearen ospea eta lurralde eta aberastasun handien jabe egin zen. XIII. mendean guztiz banatu zen Orreagako prioretxea Iruñeko apezpikuaren agindupetik, eta Erromako Aita Santuarenganaino iritsi zen haren itzala. Errenta ugari jaso zuen ondorengo mendeetan eta zailak izan ziren luzaroan, eskubideak zirela eta, Orreagako elizako hierarkiaren eta Auritzeko biztanleen arteko harremanak. Auritz, Orreaga eta Luzaideko biztanle batzuen aurkako auzi bati ekin zioten 1525ean, sorginak zirelakoan. Sutara eraman zituzten haietako batzuk. 1684an armada frantsesak konkistatu zuen Orreaga, baina berehala joan zen handik, Kataluniako inbasioa lasaiago bideratzearren eginiko operazioa baitzen hura. 1794an, Konbentzioko Gerraren garaian, oste frantsesak sartu ziren Orreagan eta monasterioa bipildu zuten.