organo 2
iz. Haizezko musika tresna, handia, hauspo bidez bultzaturiko haizeak soinua eginarazten dien hodiez osatua, eta tekla multzo bat edo gehiagoren bidez jotzen dena. Organoaren hodiak ilaratan antolatuak izaten dira, neurriaren arabera; haietatik haizea igaroarazten denean soinu egiten du; haizea baliabide mekanikoz edo elektrikoz eragiten da. Organoak teklak eta pedalak ditu, eskuez eta oinez jotzen direnak, eta haizearen zuloak ireki edo ixten dituzten balbulei teklen mugimendua transmititzen dien mekanismo bat ere badu. Hodiak sailetan edo errejistroetan antolatuak daude, eta horiei esker soinuaren tinbrea eta indarra alda daiteke. v Organo elektronikoa. XX. mendearen hasieran parte mekanikoak argindarraren bitartez eragiten ziren organoak egin ziren. Geroztik hotsa (errejistroak etab.) baliabide elektronikoz sortzen duten organoak asmatu dira: Jorg Mager-ek Martenot uhinetan oinarrituta asmatutako elektrofon eta estereofon eta ondorengo organo polifonikoak. Ezagunenak Hammond eta Novachord organoak dira.