Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

oratorio

iz. Mus. Kantataren egitura duen musika lana, erlijiozko gai bati buruzkoa.  v Mus. Oratorioa Biblian edo liturgia testuetan oinarritua, eta bakarlari, abesbatza eta orkestrarako idatzia izaten da. Erroman sortu zen 1600. urte inguruan, S. Filipe Neriren Oratorio edo otoiztegian; hortatik datorkio izena. Cavalieriren La rappresentaziones di anima e di corpo hartzen da lehen oratoriotzat. XVII. mendean oratorioak garrantzi handia izan zuen, eta antzeztu egiten zen. Geroago, testuaren kontakizunera mugatu zen, musika tresnez lagundurik. Abesbatzak garrantzi berezia izaten zuen. Egile nagusiak izan ziren, besteak beste: Carissimi, A. Scarlatti, Schütz, Haendel (Mesias da oratorio ezagunena), Haydn, Spohr, Beethoven, Mendelssohn eta Elgar.  v  Badira gai erlijiosoa ez duten oratorioak ere; gai espirituala izaten dute, hala ere. Halakoak dira Haendelen Semele, Tippetten A Child of Our Time eta Stravinskiren Oedipus Rex.