optika
iz. Argia eta argiarekiko gertakariak aztergai dituen fisikaren adarra. Adiera zabalago batean tresna optikoak eta edozein maiztasunetako irrada elektromagnetikoen tasunak (ekoizketa, igorketa, hedaketa, absortzioa eta atzematea) aztertzen dituen zientzia. Optikaren abiapuntua Babilonian koka daiteke, babiloniarrek ezagutzen baitzuten argiaren hedapen zuzena. Geroago Euklide grekoak ispilu planoetan gertatzen diren islatze legeak aztertu zituen; Alexandriako Heronek ispilu kurboetara zabaldu zituen lege horiek. Grekoek ez zuten askorik aurreratu optika zientzia, nahiz eta beraiek eta erromatarrek hainbat ispilu mota eraiki zituzten. Mende asko igaro ziren arabiarrek optikari buruzko azterketak berriro hasi zituzten arte. Gauzak, begiek haietara ez, aldiz, haiek begietara igortzen dituzten argi izpien bidez ikusten direlako hipotesia Al-Hazim arabiarrak azaldu zuen lehen aldiz, XI. mendean. Bestalde, begietako eritasunei buruz egin zituzten azterketek giza begiaren tankerako tasunak zituzten kristalezko edo beirazko lenteak eraikitzeko ahaleginak egitera bideratu zituzten arabiarrek. XI. mendean idatzi zen Al-Hazim-en Optikako altxorra obran gordetzen dira arabiarrek optikari buruz zituzten ezaupideetako asko. Mendebalean optikari buruzko interesa XIII. mendea arte ez zen piztu. Roger Bacon-ek (1214-1294) ostadarraren azalpen bat eman, kamera iluna asmatu eta islatze eta errefrakzioaren gertaerak aztertu zituen. XIV. mendearen hasieran egin ziren lehen betaurrekoak, eta lenteetatik argia pasatzean irudiak zuen handitzea aztertzen hasi ziren; horren emaitza gisa errefrakziozko lehen teleskopioa egin zuen Lippershey-ek (1608), hurrengo urtean Galileok zerua aztertzeko lehen aldiz erabiliko zuena. 1621ean W. Snell-ek intzidentzia eta errefrakzio angeluen arteko erlazioa aurkitu zuen, geroago Descartesek berriro formulatu zuena. 1669an argia gorpuzkiz osatua dagoelako teoria azaldu zuen Newtonek, eta geroxeago (1678an), eta teoria horren aurka, argia uhinez osatua dagoela dioen teoria argitaratu zuen Huygens-ek. Garaitsu horretan Grimaldik argiaren difrakzioa deskribatu zuen (1665), Römer-ek, lehen aldiz, argiaren lastertasuna zehaztu zuen (1676), Newton-ek isla bidezko lehen erreflektorea egin zuen (1672) eta argi zuria kolore askotako argien nahaste bat besterik ez dela frogatu zuen. Newtonen teoriak eragin handia zuenez, argia uhinez osatua zela zioen Huygens-en teoria baztertua izan zen XVIII. mendean. Baina XIX. mendearen hasieran Young-ek argi interferentziei buruz egin zituen lanei esker Huygens-en teoriak indarra hartu zuen berriro. Young-ez gain, aipagarriak dira mende hartako optikarien artean Malus (argi islatua polariza daitekeela frogatu zuen), Fresnel (argiaren uhin bidezko Huygens-en teoriari eta bere hedadurari bultzada handia eman zion), Fizeau eta Foucault (argiaren lastertasuna esperimentalki eta zehaztasun handiz neurtu zuten), Maxwell (argiaren teoria elektromagnetikoa azaldu zuen), Kirchoff eta Bunsen (argiaren espektroak aztertzeko metodoa aurkitu zuten), Niepce eta Daguerre (fotografia asmatu zuten). XX. mendearen hasieran Planck-ek saio ugari egin zituen gorputz beltzaren irradei buruz, eta argi quantumaren ideia azaldu zuen. Horretan oinarrituta Hertz-ek efektu fotoelektrikoa aurkitu zuen, eta geroago Einstein-ek gertaera horren azalpena eman zuen. XX. mendean argia aldi berean gorpuzki gisa eta uhin gisa ulertzeko joera hedatu da; quantumen mekanikak lortu du sintesi hori. v Optika fisikoa. Argiari buruz ezagutzen diren gertaera guztiak kontuan hartzen dituen optikaren alorra; adibidez, argiaren hedadura, lastertasuna, uhinaren luzera, isla, errefrakzioa, difrakzioa, polarizazioa, interferentziak eta abar. Aldi berean argiak eta materiak elkarren aldera dituzten eraginak azaltzen ahalegintzen da; hala nola, efektu fotoelektrikoa, fotoien igortzea, absortzioa eta abar. v Optika geometrikoa. Argiaren lerrozuzeneko hedatzearen ezaugarri nagusiak, islatze eta errefrakzio legeak adibidez, eredu abstraktu bidez aztertzen dituen optikaren adarra. Hala, argia igortzen duten gorputzak puntu bidez adierazten dira, eta puntu horietatik argi izpiak adierazten dituzten lerrozuzenak ateratzen dira. Beraz, optika geometrikoaren bidez argiaren islatzea eta errefrakzioa modu erraz batean adieraz daitezke. v Optika elektronikoa. Eremu elektriko eta magnetikoen eraginpean elektroi multzoek dituzten desbideratzeak aztertzen dituen optikaren alorra. Desbideratze horiek argi izpiak lente bat igarotzean gertatzen dira, lentearen arabera. Mikroskopio eta teleskopio elektronikoak printzipio horretan oinarritzen dira, eta lente elektrostatikoz edo elektromagnetikoz osatuak daude.