Oppenheim, Meret
Alemaniar artista (Berlin, 1913 - Basilea, 1985). Marrazkilaria eta eskultorea. 1927an alemaniar espresionismoaren, kubismo eta favismoaren obren kopiak biltzen hasi zen. 1930ean bere marrazkietako bat argitaratu zen Le Surrealisme Même aldizkari ospetsuan. Basileako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen. 1932an Parisa joan zen eta Grande Chaumière Akademian lan egin zuen. Poemak idatzi eta marrazkiak egin zituen, eta han-hemen aurkitutako gauzak erantsi gero. Max Ernsten obra eta Alberto Giacometti ezagutu zituen. Garai hartan L'oreille de Giacometti moldatu zuen, gero 1959an brontzean egina. 1933-1937 bitartean surrealisten erakusketetan parte hartu zuen, eta 1934an olio pintura lantzen hasi zen. 1936an Déjeuner en Fourrure obra ospetsua egin zuen: plater bat, katilu bat, eta koilara bat, larruz estaliak. Garai hartan bakarkako lehen erakusketa egin zuen, Basileako Schulthess galerian. New Yorkeko Arte Modernoko museoan, Fantastic Art, Dada Surrealism erakusketan parte hartu zuen. Urte horietan bitxiak eta moda diseinuak eginez atera zuen bizimodua. 1937an Basileara joan zen berriro, eta Arte eta Lanbide Eskolan ikasten hasi zen. Altzariak, zapatak eta gerrikoak egiten hasi zen, eta 1939an bere altzari fantastikoen erakusketa egin zuen René Drouin galerian eta Leo Castellin. 1948an Réalités Nouvelles erakusketan parte hartu zuen. Urte horietatik aurrera lan gutxiago egin zuen eta artearekin zuen harremana ere gutxituz joan zen. 1958an beste ekoizpen aldi bat hasi zuen, eta pinturak, marrazkiak, zurezko eskulturak eta gauza margotuak egiten hasi zen.1960ko hamarraldiko urteetan erakusketa askotan parte hartu zuen, eta 1967an Stockholmeko Arte Modernoko Museoak Meret Oppenheimen obraren atzera begirako lehen erakusketa antolatu zuen.
- Oporto
- oposizio
- opossum
- opoterapia
- opots
- Oppenheim, Meret
- Oppenheimer, Julius Robert
- optika
- optikari
- optiko
- optimismo