ongarri 1
iz. Lurrak emankorrago bihurtzeko erabiltzen den gaia. v Lur baten emankortasuna eta bere kimika osaera erabat loturik daude elkarrekin; osaera hori oso aldakorra izaten da. Uztek lurrari kimika gaiak kentzen dizkiote, eta euriak sortzen duten ur gaineko urak ere eramaten dituzte gai horiek. Beste batzuetan, berriz, lurrak ez ditu izaten landare jakin batek era egokian hazteko behar dituen kimika gai guztiak. Ongarrien zeregina landareek hazteko behar dituzten kimika gaiez berriro lurra hornitzea da, kimika gai bat ez izateak gelditu egiten baitu beste guztien ekintza, haietatik behar adina eta gehiago izanda ere; uztaren errendimendua lurzoruan oso proportzio txikian dagoen gai kimikoak mugatua dago. Hori dela eta lurrak aztertzen dira zein kimika gai behar dituzten ezagutzeko, eta lurrari gehitu beharreko ongarriak zein neurritan erabili behar dituen jakiteko. Lurrari gehitzen zaion ongarriak organikoak edo mineralak izan daitezke. Ongarri organikoek (simaurra, industria hondakina, guanoa, hondakin organikoa eta abar), bereziki nitrogenoa ematen diote lurrari eta beren zeregin nagusia humusa eratzea da. Ongarri mineralak era askotakoak dira, baina nagusiak nitrogenodunak, fosfatodunak eta potasiodunak dira. Ongarri gisa elementu bakar bat duenari ongarri sinplea deitzen zaio; bi edo hiru elementu baldin baditu, ongarri konposatua. Azken hori ongarri sinpleak nahasiz, edo elementu ongarri bat baino gehiago dituzten gorputz egonkorrak (ongarri konplexuak) eratzeko gai diren erreakzio kimikoak eginez lortzen dira.