Onganía, Juan Carlos
Argentinar politikaria eta militarra (Marcos Paz, Buenos Aires, 1914 - Buenos Aire, 2009). Hamazazpi urte zituela sartu zen Eskola Militarrean, eta hogeirekin irten, teniente graduarekin. 1959an jeneral gradura igo zuten. 1962ko irailean, herrialdea gerra zibiletik gertu zegoela, Onganíak –Campo de Mayo gudu taldearen buru– aurre egin zion José María Guido Errepublikako lehendakaria kargutik kentzeko ahaleginari. 1964tik 1965era gudarosteko komandanteburu izendatu zuten. 1966ko ekainaren 28an Arturo Umberto Illia lehendakaria kargutik kendu zuen kolpe militarraren ondoren, berak hartu zuen Errepublikaren lehendakaritza, diktadura militar baten gidari. 1969an gogor zapaldu zuen sindikatuek eta ikasleek deitutako greba. 1970ean, Alejandro Agustín Lanusse jenerala buru zuen batzorde militar batek kendu zuen kargutik.