Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Olaibar

Nafarroako udalerria (Iruñeko merindadea). Oláibar du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Anue eta Odieta; ekialdean, Esteribar; mendebalean eta hegoaldean, Ezkabarte. Garaiera, 482 m. 15,63 km2. 1999ko datuen arabera, 169 biztanle (olaibartarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Enderitz, Olaitz, Olabe (herriburua) eta Otsakain. Ultzama ibaiak igarotzen du udalerria iparralde-hegoalde. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Euskara XX. mendearen bigarren erdian galdu da. Zerbitzuen alorra (langileen % 50) eta nekazaritza (artoa, patata, bazkarako landareak, lekadunak, behi eta ardi azienda; langileen % 18) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela langile asko Iruñeko industrietara joaten da lanera eta bigarren lanbidetzat dauzka baserriko lanak.  v Historia. Olaibarreko herria 1201. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. Urte horretan jaso zituen foruak Antso VII. Azkarra Nafarroako erregearen eskutik.