okzitaniera
iz. Okzitaniarren hizkuntza. v Oc hizkuntza eta proventzera ere esaten zaio okzitanierari. ik. oc. v Literatura. Okzitanieraz idatzitako lehenengo esaldiak 985 eta 989ko latinezko dokumentuetan azaltzen dira, baina okzitaniera hutsez egindako lehen lege testu ezaguna 1102koa da. Gero, administrazio eta lege hizkuntza osoa izan zen XV. mendearen amaiera arte. Okzitanieraz osoki idatziriko lehen testua Boèci poesia epikoa da (XI-XII. m.). Okzitaniako literatura hizkuntzak ia sortzetik bertatik forma betea erdietsi zuen. Izan ere, XII. eta XIII. mendeetan Europa kristauaren lirikaren hizkuntza izan zen. Gilen IX.a Akitaniako dukeari (1071-1127), lehen trobadore ezagunari, zerrenda luzea jarraitu zitzaion: Jaufré Rudel, Marcabru, Cercamon, Bernard Marti, Bernard de Ventadour, Raimbaut d’Aurenja, Die-ko kondesa, Arnaud Daniel, Peire Vidal, Sordel… XII. mendean Bertrand de Born-ek amodioaren gazi-gozoak eta gerraren hausiabartzak kantatzen ditu. XIII. mendean, albiarren aurkako gurutzada zela eta, okzitaniar erresistentzia obra epiko nabarmenen inspirazio iturri izan zen. Kontakizunak ere orduan garatu ziren: literatura erlijioso joriaren ondoan Arturoren zikloko eleberriek (Jaufré), amodiozkoek (Flamenca) eta italiar kontalarien inspirazioa ziren trobadoreen bizitzek (Vidas) multzo handia osatzen dute. XIV eta XV. mendeek oc literaturaren gainbehera ekarri zuten; albiarren hondamendiarekin batera ezarria zen inkisizioak zerikusi handia izan zuen horretan. XVI. mendeko pizkundeak beren dialektoan idazten zuten autore gaskoiak, proventzalak eta languedoctarrak eman zituen. XVII. mendean aipatzekoa da Guillaume Ader-en Lo Gentilome gascon (1611) poema epiko harrigarria. Mende berean Pierre Godolin tolosarra poeta gaskoiak izeneko talde baten buru zen. XVIII. mendean J.-B. Favre languedoctarrak Joan l’an Pres obra pikaresko nagusia argitaratu zuen. Frantziako Iraultzak herri poesiaren loraldia ekarri zuen, eta hizkuntzaren kontzientzia berpiztu zen trobadoreak berriro aurkitzearekin. XIX. mendearen hasieran Europatiko erromantizismoak okzitanierazko letrekin bat egin zuen. Horrenbestez, 1848 inguruan bere literaturaren kontzientzia zuzena zuten poeta langile eta laborari talde ugariaren produkzioa kaleratu zen. Aitzindari horien ondoren, 1859an Mistral-ek argitaratu zuen Mirèio obrak benetako pizkunde baten osagaiak zituen: literatura hizkuntzaren tradizioa berreskuratzea, sekula erabat ito ez den izaera baten agerpena, lehen trobadoreen naturalismoa eta bere hizkuntzan mintzatu nahi zen herri baten ideia. Mistral-en obra nagusien ondoren patois zaleen gaineko batasun kontzientziak probintzia guztietako autoreak gidatu zituen: J. Roumanille, T. Aubanel, F. Gras, A. Marin, L. Astruc, Funel, V. Bernard, M. André, J. d’Arbaud, S. A. Peyre probentzalak; A. Fourés, X. de Ricard, A. de Roque-Ferrier, A. Perbosc, Bessou languedoctarrak; J. Roux, J.-B. Chèze, P.-L. Grenier, A. Pestour limousindarrak; A. Vermenouze auverniarra eta P. de Gerde eta M. Camélat gaskoiak. Bi mundu gerren artean berrikuntza sakona izan zen, besteak beste, G. Reboul, R. Nelli, Max Rouquette eta J. Mouzat idazleen eskutik. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, oc hizkuntzako autoreak mundu modernoaren errealitate latzetan murgildu dira, herri alienatu, atzeratu eta are arrisku bizian dagoena islatuz: Denis Sarat, R. Laffont, B. Manciet, P. Pessemesse, J. Boudou, Léon Cordes, Max Allier, Paul Gayraud, Yves Rouquette. Ildo horretatik, 1960 ondorengo urteetan ezarritako agintea onartzen ez zuen idazle belaunaldia idazten hasi zen. Berauekin batera eta errealitate bera salatuz, Marti buru zuen kantari sorta bat plazaratu zen. v Okzitaniera Nafarroan. XI. mendean Donejakue bideko hirietan finkaturiko etorkinek halako okzitaniera molde bat ekarri zuten Nafarrora. Hizkuntza hori XI. mendetik XIV.era erabili zen Nafarroan, harik eta Karlos III.aren erregealdian nafar erromantzea zabaldu zenean bazterturik geratu zen arte.