Oion
Arabako hego-ekialdeko udalerria (Arabako Errioxa), Logroñotik 4 kilometrotara dagoena. Oyón-Oion du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Ekora; ekialdean; Moreda eta Viana (Nafarroa); mendebalean Lantziego eta Guardia; hegoaldean, Logroño (Errioxa). Garaiera, 440 m. 45,17 km2. 1997ko datuen arabera, 2.253 biztanle. (oiondarrak). Herrigune hauek osatua da Oiongo udalerria: Oion (herriburua), Gorrebusto eta Labraza. Ebro ibaiaren adarra den Oioa erreka igarotzen da udalerritik hegoalde-iparralde. Biztanleen euskara maila 1996an: 188 euskaldun, 209 ia-euskaldun eta 1.796 erdaldun; euskara XVI. mendea baino lehen galdu zen. Industria (altzairugintza, zurgintza, zapatagintza, ehungintza, industria kimikoa; langileen % 62) eta nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, ardi eta zerri azienda; langileen % 15,7) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garrantzitsua da, halaber, zerbitzuen alorrean (oinarrizko zerbitzuak, administraritza, irakaskuntza) diharduten langileen kopurua (% 22,3). Arteari dagokionez, aipagarriak dira Labrazako San Migel parrokia eliza gotikoa eta Santa Maria Madalenaren ermita (XVIII. m.) eta Oiongo Ama Birjina parrokia eliza barrokoa (1744-1748), Jasokunde plazako Errenazimentuko etxeak, XVIII. mendeko Puertoko markesaren jauregia eta Buretako kondearen jauregi barrokoa. v Historia. Guardia hiriko auzoa izan zen Oion 1366. urteko dokumentu baten arabera. Guardiatik bereizi eta hiribildu bihurtu zen 1643. urtean. Labraza, berriz, 1196. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. Urte horretan jaso zituen Labrazako herriak Guardiakoak zeuzkan antzeko foruak Nafarroako Antso Azkarraren eskutik.