Numeiry, Yaffar al
Sudango militar eta politikaria (Omdurman, 1930). Postari musulman baten semea zen, eta Sudango Akademia Militarrean graduatu zen 1952. urtean. Urte horretan, britainiarrak Egiptotik bota eta Faruk I.a erregea kargutik kendu zuen Nasser-en estatu-kolpeak eragin handia izan zuen Numeiryrengan. Hainbat konspiraziotan nahasirik egon zen, eta armadatik aldi baterako kanporatuta zegoen 1969. urtean botereaz jabetu zen estatu-kolpe ezkertiarra egin zenean. Horren ondorioz, Sudango Kontseilu Iraultzaileko buru eta Lehen Ministro bilakatu zen. Nazionalista sutsua izanik, 1969an Antzara talde erlijioso kontserbadorea suntsitu zuen, eta 1971n Sudango Alderdi Komunista, botereaz jabetzen ahalegindu eta porrot egin baitzuen. Urte horretan Sudango Errepublikako lehendakari aukeratu zuten. 1972an Sudango iparraldearen eta hegoaldearen arteko 17 urteko gerra zibila amaitzea lortu bazuen ere, ez zen gauza izan Sudango arazo ekonomiko kronikoei irtenbiderik aurkitzeko. 1977an eta 1983an, Sudango lehendakari berrautatu zuten. Lege koranikoak sartuz eta bere burua Sudango Iman musulman handitzat aldarrikatuz 1983an hasi zuen errepresiozko politika zela medio, berradiskidetze nazionalaren politikak porrot egin eta Sudango hegoaldearen altxamendua eragin zuen 1984an. 1985eko apirila arte izan zen Sudango lehendakari, urte horretan odolgabeko estatu-kolpe batek bere kargutik kendu baitzuen.
- nukleosoma
- nukleotido
- nuklido
- Numa Pompilio
- Numantzia
- Numeiry, Yaffar al
- Numenius Apameakoa
- numero
- numerologia
- numerus clausus
- Numidia