nuklear
izond. Nukleo edo gunearena dena; nukleoari dagokiona. v Arma nuklearra. Teknol. Erreakzio nuklear batek sortutako leherketa erabiltzen duen arma. Arma nuklearrak bi eratakoak izan daitezke: fisiozkoak edo fusiozkoak. Lehenengoak atomikoak ere deitzen dira; pisu handiko atomo baten nukleoa bi gune arinagotan zatitzean gertatzen den fisio erreakzioan askatzen den energiaz baliatzen dira. Arma hauek uraniozko eta plutoniozko atomoak erabiltzen dituzte. Fusiozko arma nuklearretan (termonuklearrak), atomo pisuago bat eratzeko bi atomo arinen nukleoak elkartzean galtzen den pisua energia bihurtzen da, eta energia hori da armak erabiltzen duena. Elkartzen diren atomoak hidrogenozkoak izaten dira. Atomo arinen nukleoak elkartzeko oso tenperatura beroak behar izaten dira, eta horiek lortzeko fisiozko bonbak erabiltzen dira. Beraz, fusiozko arma nuklearrek ere uranioa eta plutonioa erabiltzen dute, eta lehenengoak baino askoz indartsuagoak dira. Arma nuklear baten leherketak hiru ondorio sortzen ditu: leherketa konbentzionaletan baino indar askoz handiagokoa den presio uhina, bero handia eta irradak; azken hauek gamma erakoak eta neutroiak dira batez ere, eta zuzenean eta kutsadura sortuz dute eragina; kutsaduraren adibide bat euri erradioaktiboa da. Arma nuklearren potentzia era askotakoa izan daiteke: kilotoi bat baino txikiagoa edo megatoi askotakoa. Beste arma nuklear batzuen artean hauek aipa daitezke: FFFa (fisio-fusio-fisiozkoa), kobaltozkoa, neutroiezkoa etab. v Energia nuklearra. Hiru era hauetako batean askatutako energia: atomoaren nukleoaren fisioz; bi atomoen nukleoen fusioz, edo atomo baten nukleoaren desintegrazio erradioaktiboz. v Erreaktore nuklearra. ik. erreaktore. v Erresonantzia magnetiko nuklearra. Kim. 1930eko hamarkadan garatu zen absortziozko espektroskopia mota (laburdura RMN). Gai kimiko konposatuen egiturak ezagutzeko metodorik baliagarriena da, isomeroak bereizteko, molekulen geometriari buruzko faktoreak ezagutzeko eta hidrogeno atomoen elkarketa argitzeko batez ere. Espektroskopia infragorriarekin, masen espektroskopiarekin, gasen kromatografiarekin eta beste analisi metodo batzuekin batera erabil daiteke. Kimika inorganikoan, fisikan, biokimikan eta kimikarekin zerikusia duten beste arlo batzuetan ere erabiltzen da. v Fisika nuklearra. Fis. Atomoen nukleoen tasunak, erreakzio nuklearrak, oinarrizko partikulak, erradioaktibitatea aztertzen dituen fisika teorikoaren arloa. v Zentral nuklearra. Teknol. Atomoen nukleo erradioaktiboen fisioz lortzen den energia nuklearra energia iturri gisa erabiltzen duen zentral elektrikoa. Normalean erabiltzen den gai erradioaktiboa uranioa da. Prozesua kontrolatzeko moderatzaile gisa ur astuna erabiltzen da. ik. neutroi.