Newton, Margaret
Kanadar patologoa (Québec, 1887 - Victoria, Kanada, 1971). Landareen patologiak ikertzen egindako lanagatik da ezaguna, gariaren zurtoineko gorrina ikertzen egindakoagatik batez ere. Nekazaritza eskolan ikasi zuen. Ikasketak ordaindu ahal izateko lanean hasi behar izan zuen, eta emakumea izateagatik, unibertsitateko laborategian ikasle gizonezkoek bezalaxe sartu ahal izateko borrokatu behar izan zuen. Minnesota eta Saskatchewango unibertsitateetan egin zituen bere ikerketak Stakeman eta Thompson ikertzaileekin batera. Gariaren gorrina ikertzen egindako lanari esker, gaitzari aurre egiteko bideak aurkitu ahal izan dira. Kanadan nekazaritzaren zientzian doktoregoa lortu zuen lehen emakumea izan zen.