New York
Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua. 136.583 km2; 18.058.000 biztanle (Estatu Batuetako bigarren jendetsuena). Hiriburua: Albany. Hiri nagusiak: New York, Buffalo, Rochester, Syracuse. v Geografia. Kanadarekin egiten du muga iparraldetik eta mendebaletik (San Lorenzo ibaia eta Erie eta Ontario aintzirak); Vermont, Massachusetts, Connecticut estatuak eta Ozeano Atlantikoa ekialdetik eta New Yersey eta Pennsylvania estatuak hegoaldetik. Champlain eta George aintzirek eta Hudson ibaiak moldatzen duten sakana handiak iparretik hegoaldera igarotzen du estatua. Aintzira horietatik mendebalera, Adirondacks mendialdeak estatuko iparraldea hartzen du. Antzinako hormategiek zabaldu eta sakonduriko Mohawk eta Hudson ibaien haranek Aintzira Handien eta Ozeano Atlantikoaren arteko komunikabide nagusia eratzen dute. Estatuaren ia hegoalde osoa ordokiek osatua da, ekialdeko Catskill mendiak salbu. Klima hezea eta hotza da (urteko batez besteko tenperatura: 7 °C). v Ekonomia eta gizartea. Estatu Batuetako estatu garrantzitsuena da finantza, industria eta merkataritzari dagokienez. Biztanleriaren % 90 inguru hirietan bizi da. Nekazaritza garrantzitsua da eta eguneroko kontsumoari zuzendua batik bat (behi esnea, etxeko hegaztiak, laboreak, barazkiak, fruituak...) inguruak eskaintzen dituen baldintza egokiei esker: lur emankorrak, garraio erraztasunak eta eskaera handia duten hiriak. Industrializazio maila handia da: siderurgia (Buffalo), elektrizitate industria, optika, argitalpenak, elikadura industriak, etab. Turismoa garrantzitsua da (New York hiria, Adirondacks mendiak, Niagarako Ur-jauziak). Estatu Batuetako lehen portua. Hamabi unibertsitate. v Historia. XVI. mendean irokiarrak eta algonkindarrak bizi ziren han. Holandarrak izan ziren lehen kolonizatzaileak, eta 1626an New Amsterdam eraiki zuten Manhattan uhartean. Gero hiria ingelesek okupatu zuten (1664) eta koloniak hazkunde handia izan zuen XVIII. mendean. Estatu Batuen Independentzia gerran garrantzi handiko guduak gertatu ziren han (Long Island, 1776; Saratoga, 1777).