Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

New Deal

Estatu Batuetan F. D. Roosevelt lehendakariak 1933-1939 bitartean 1929ko ekonomia krisia gainditzeko asmoz ezarri zuen ekonomia politika. Politika honen arabera hartu ziren neurrien helburua ekonomia sustatzea eta langabetuen kopurua (14 milioi) gutxitzea zen. Dolarraren balioa beheratu zen, obra publikoak sustatu ziren, langileen sindikatuak onartu ziren eta langabeziarako eta zahartzarorako gizarte laguntzak banatu ziren. New Deal politikak hasiera eman zion gobernu federalak ekonomian duen artekaritzari, langileen sindikatuen eskubideak sendotu zituen eta Estatu Batuetan gizarte laguntzen oinarria finkatu zuen.