Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nekosta

iz. Bot. Kupresazeoen familiako zenbait zuhaitz-motaren izena. Alzifre izena ere ematen zaio.  v  Nekosta arrunta (Cupressus sempervirens). Jatorriz Mediterraneoaren inguruko ekialdeko lurraldeetakoa da; Europako sartaldera, Indiara eta Ameriketara zabaldua dago gaur. Eskualde beroetako zuhaitza da. Adar txikiak, marroixkak eta ezkatadunak ditu; hostoak ere ezkata itxurakoak eta berde ilunak; pinaburuak, berriz, txikiak eta biribilak. Nekosta arruntetan ere badira bi mota: pyramidalis, itxuraz lantza puntaren antzekoa eta tamainaz 25-30 m luzea eta adar asko eta enborraren aldera bilduak dituena, eta horizontalis, adar gutxiago, sakabanatuak eta zabalera hedatuak dituena, eta tamainaz ere bestea baino txikiagoa dena. 500-700 urte bizi daiteke.  v  Portugalgo nekosta (Cupressus lusitanica). Kono itxurako adajea duena, 20 m inguru luzea eta hosto gris berdaxkak eta usaintsuak dituena.  v  Kaliforniako nekosta (Cupressus macrocarpa). Gezi egiturako adajea, hosto berde ilunak eta usaintsuak dituena eta 20 m inguru luze egiten dena.