Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nekazaritza

iz. Lurra lantzea, lur-lana; nekazariaren lanbidea. ik. laborantza. Nekazaritza lan gogorra da. Nekazaritzak lur aberatsak eta ongarrituak eskatzen ditu. Nekazaritza eta abelzaintza sortu ondoren.  v  Nekazaritza historian zehar. Nekazaritza gizakiak izan duen lehen lanbideetako bat da. Historiaurrean du jatorria eta besteak beste antzinako txinatar, mesopotamiar, egiptoar eta erromatar herrien jarduera nagusia izan zen; erromatarrak esate baterako laborari trebeak ziren. Hala, nekazari gaiei buruzko literatura bilduma zabala zuten. Erdi Aroan nekazaritzak ez zuen aurrerakuntza aipagarririk izan, betiko teknikak erabiltzen baitziren. XVI. mendean, biztanleriaren ugaltzeak eskaria etengabe handitu zuenez, eskari hori asetzeko beharrezko izan zen nekazaritzan zenbait berrikuntza egitea. Bestetik, mende hartan hasi ziren Europan landatzen Ameriketatik ekarritako laboreak (artoa, patata, tabakoa eta tomatea). XIX. mendearen hasieran biologiak, kimikak, ekologiak, bakteriologiak eta abarrek izan zuten aurrerakuntzaz baliatu zen nekazaritza. XIX. mendearen azken urteetan izan ziren eta XX. mendean izan diren aurrerapen teknikoek ere eragin handia izan dute nekazaritzaren garapenean.  v  Nekazaritza politika. Bi dira nekazaritza politikaren eredu nagusiak: merkatu nekazaritza eta nekazaritza plangintzaduna. Merkatu nekazaritzak laborarien arteko konkurrentzia bermatzen du; sistema horretan prezioa nahiz ekoizpen kopurua merkatuaren legeek arautzen dituzte. Nekazaritza plangintzadunean, berriz, gobernuaren ekonomia plangintza orokorraren barnean, agintariek finkatzen dituzte ekoizpen kopurua eta prezioa. Hala ere, gaur egun politika mistoak egiten dira gehienetan, merkatu ekonomiaren eta ekonomia plangintzadunaren ikuspuntuak bateratzen ahaleginduz hain zuzen.  v  Nekazaritza ekonomia jarduera gisa. Gizakiak elikagaiak lortzeko lurra landuz egiten dituen ekonomia jarduera multzoa da. Nekazaritzaren garapenak zerikusi handia du ekonomiaren garapenean. Garapen bidean diren herrialdeetan, eta herrialde horien etorkizuneko bizi maila egokia segurtatzeko, nahitaezkoa da ahalik eta nekazaritza emankorrena indartzea. Ekonomia garatua duten herrialdeetan berriz nekazaritza mugatuaz edo intensiboaz lortzen den uzta erregulatu beharko litzateke, nekazari merkatuetan gertatzen diren desorekak zuzentzearren; maiz gertatzen baita ekoizpena gehiegizkoa izatea. Egungo nekazaritzak duen ezaugarririk garrantzitsuenak, ekonomia garatuetan batik bat, ekoizpen faktoreen (lurra eta eskulana bereziki) eta produktibitatearen areagotzea dira. Nekazaritzak nekez lor dezake uztak berdinak eta orekatuak izatea; izan ere uzta ona edo urria izatea klimak, eta azken batean izadiak, baldintzatzen baitu; gauza horiek ezin ditu gizonak arautu eta nekez aldez aurretik ezagutu; hala ere, egun nekazaritzan erabiltzen diren tekniketan eta tresnetan (ureztatze sistemak edo negutegiak, esate baterako) izan diren aurreramenduei esker laborariek uzta oparoagoak eta hobeto doituak lortzen dituzte. Bestetik, berrikuntza horien ondorioz nekazari kopurua txikitu da (herrialde garatuetan biztanleria osoaren % 10etik beherakoa izaten da maizenik). Herrialde atzeratuagoek beren premiak asetzeko nekazaritzan dihardute oraindik, herri edo lurralde jakin bateko beharrak asetzea baizik lortzen ez duen nekazaritza alegia.  v  Nekazaritza zientzia gisa. Nekazaritzan, gaur egun, lau adar nagusitan bereizten dira: agronomia, klimaz eta laboreak hazten diren lurrez aritzen dena; fitoteknia, laboreak modu egokian hazteko dituzten beharrak aztertzen diren adarra; nekazari industriak, nekazariak egin ohi dituen eskulangintzak aztertzen dituena, gaztagintza edo ardogintza, adibidez; eta nekazaritza ekonomia, ustiakuntzen ekonomia alderdia aztertzen duena.  v  Nekazaritza zabala. Lurraren berezko emankortasunaz baliatzen dena, eremu zabaletan, eta aldizka lurra erabili gabe utziz. Aski uzta apala izaten da.  v  Nekazaritza mugatua. Eremu mugatu batean egiten dena; lurra etengabe lantzen denez, uzta oparoak izaten dira.