Nazioarteko Diru Funtsa
(NDF; FMI, Fonds Monétaire International, laburduraz ezaguna). Nazioarteko finantza erakundea, Nazio Batuen Erakundearen agentzia, 1944. urtean Bretton Woods-ko Konferentzian (New Hampshire, Estatu Batuak) Berreraikuntza eta Sustapeneko Nazioarteko Bankuarekin batera sortua. v NDF erakundea 1947. urtean hasi zen lanean. Erakunde honen ardurak, besteak beste, herrialde kideen ordainketa balantzetan sor zitezkeen desoreka iragankorrak finantzatzea, nazioen arteko diru laguntzak ziurtatzea, diru truke egonkorrei eustea eta nazioarteko dirua zabaltzea ziren. NDFko kide izateak, 1970 ingurua arte, herrialde bakoitzarentzat konpromiso sorta bat zekarren, estu-estu bete beharrekoak: truke-tasak urrearekiko eta dolarrarekiko zehaztea; truke-tasa % 10 baino gehiago edo gutxiago ez aldatzea NDFk aurretik onartu gabe; diru funtsa eratzen laguntzea, NDFk izendaturiko kuota ordainketaren bitartez. Era berean, konpromiso horien truke, NDFko kideek onura hauek jasotzen zituzten: Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko kide izatea; ekonomia politika orokorraz aholkularitza jaso ahal izatea; ordainketa balantzan defizitak izanez gero, ekonomia baliabideak lortu ahal izatea. v Erakundea ondo aritu zen 25 urtez; gai izan zen truke sistema egonkorrari eusteko, harik eta Estatu Batuetako defizit geroz eta handiagoa, eta nazioarteko merkataritzaren hazkunde izugarria zirela-eta, dolarrak urre bermeari ezin eutsi izan zion arte. Krisia hirukoitza izan zen: likideziarena, parekotasun doiketarena eta konfiantzarena; horren ondorioz, Bretton Woods-ko Konferentzian onartutako zenbait puntu aldatu egin behar izan zituzten. Edonola ere, ez ziren oztopoak saihestu eta NDFren porrota etorri zen 1971. urtean Richard Nixon Estatu Batuetako lehendakariak dolarraren urrearekiko bihurgarritasuna bertan behera utzi, eta erabaki horren ondorioz, trukerako urre patroia desagertu zenean. Egoera araugabea sortu zen orduan, herrialde jakin batzuetako diruak dibisa merkatuetan libreki edo flotazio askean zebiltzan artean, beste batzuek, berriz, dolarrarekiko parekotasunari eusten baitzioten. v 1974. urtetik aurrera NDF, Munduko Bankuarekin batera, gutxi garatutako herrialdeen arazoei arreta handiagoa eskaintzen hasi zen, programa berezien finantzaketaren bidez herrialdeen arteko errenta aldeak murrizteko asmoz. Halaber, munduko diru sistema antolatzeko lankidetza formula berriak ezartzeko saioak ere egin zituen. Oro har, esan daiteke urte horietako ekimenek ez zutela arrakastarik izan. v Urte batzuk ia jardunik gabe eman ostean, 1982tik aurrera industrializatu gabeko herrialdeen kanpo zorraren arazoarekin batera suspertu zen NDFren ekimena. Herrialde zorpetuentzako egiturazko doiketa programak diseinatu zituen. Batetik, banketxe komertzialei herrialde zorpetuei maileguak gehitzea proposatu zien. Bestetik, Funtsak finantza tresna berriak sortu zituen, industrializatu gabeko herrialde zorpetuek beren ekonomiak neurri jakin batzuen arabera aldatzearen truke, epe luzerako finantzaketa eman ahal izateko. Labur esanda, NDFren doikuntza programek, besteak beste, bost alderdi hauetan oinarritzen ziren: interes tasa handietan oinarrituriko diru politikak; soldaten mugatzea; sektore publikoaren gastua murriztea eta enpresa publikoen pribatizazioa; eta, halaber, barne eta atzerriko merkataritza eta finantza harremanak liberalizatzea. Programa horiek kritika gogorrak jaso izan dituzte; besteak beste, azpimarratu izan da NDFk diseinatzen dituen programek lekuan lekuko ekonomia eta gizarte ezaugarriak alde batera uzten dituztela, ekonomia neurri liberal ortodoxoen onerako. v Azken urteotan merkataritza eta finantza trukeen globalizazio ingurunean, ezinean aritu da sarritan NDF. Kontuan izan behar da finantza merkatuetan trukeek etengabeko hazkundea bizi dutela, esaterako, produktu eratorrien merkatuetan (etorkizun eta aukera aktiboetan espezializaturiko finantza merkatuak), merkatu horietan egun bakar batean izaten den mugimendua NDFren kide guztien erreserbak baino handiagoa izaten baita. Hala, 1995ean Mexikon izan zen finantza krisiak argi utzi zuen NDFren diru funtsak ez direla gai munduko kapital pribatuaren mugimendua kontrolatzeko. Alabaina, erakunde honek, oraindik ere, zeregin garrantzitsua du industrializatu gabeko herrialdeen garapenaren arloan, eta egiteko horretan ezartzen dituen neurriengatik kritika gogorrak ere jaso izan ditu maiz.