nazio
iz. Herria; gaur egun, giza talde aski zabala, bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituena. ik. aberri, estatu. Herriak eta nazioak. Estaturik gabeko nazioak. v Hist. Gizarteak era desberdinetan egituratu dira historian zehar: leinua, estatu-hiria, inperioa, jaurerri feudala, etab. Nazioa, alabaina, aski berria da. Latinezko natio (jaiotza) hitza jatorri bereko pertsonen multzoa adierazteko erabiltzen zen Erdi Aroan. Frantziako Iraultzarekin “nazio” hitza zentzu modernoan erabiltzen hasi zen: lege beraren azpian bizi diren pertsona elkartuen multzoa. XIX. mendean nazio bakoitzak elkarte politiko burujabea edo estatua osatzeko eskubidea aldarrikatzen duen nazionalitateen printzipioak onarpen orokorra izan zuen Europan. Ildo horretatik, prozesu nazional nabarmenenak Alemaniakoa (1870) eta Italiakoa (1861) dira. Burgesiak eragin handia izan zuen XIX. mendeko Europako nazioak egituratzen; kapitalismoaren hedatzeak eta merkatu nazionalen ezartzeak homogeneotasuna ekarri zuten, barne aduanak kendu eta garraiobideak garatu baitzituen. Lehen Mundu Gerrak Austria-Hungariako Inperioaren azkenarekin batera nazio berezi burujabe zenbaiten sorrera ekarri zuen: Austria, Hungaria, Txekoslovakia. Halaber, Poloniak independentzia lortu zuen berriro. Garai bertsuan, autodeterminazioaren printzipioa berretsiz, Baltikoko nazioek independentzia eskuratu zuten: Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania. Amerikari dagokionez, Estatu Batuen independentziak (1776) eragina izan zuen Frantziako Iraultzan, eta baita XIX. mendean sortutako Europako nazioen askatasunean ere. Asia eta Afrikari dagokienez, XX. mendearen erdialditik aurrera herri zahar anitzek osaturiko nazio berriak sortu dira, indar kolonialen aurkako borroka odoltsuen ondorioz askotan. XX. mendearen bukaeran, bi higikunde hein batean kontrajarriak nabarmentzen dira: alde batetik, nazioen arteko harremana, gehienbat ekonomikoa, dakarren nazioarteko erakundeen garapena, eta bestetik nazio berrien eratzea, batez ere Sobietar Batasuna ohiaren barnean eta inguruan.