nahiz
juntg. A. Ondotik datorren perpausak adierazten duenarena gorabehera, esaldi nagusian esaten dena egia denean ezartzen den juntagailua. a) (Juntagailuaren mende dagoen esaldiaren aditzak -(e)n atzizkia hartzen duela). Hori da uste duguna, nahiz aitortzen ez dugun. b) (Mendeko esaldiak aditza era burutuan, laguntzailerik gabe, duela). Lehen egin izan dena egina dago, nahiz gaizki egina iruditu guri; lehen esana dago, oker esana dagoela baderitzagu ere. c) (Mendeko esaldiko aditza ezabaturik). Nahi zuena zehazkiro adieraziko zizun, nahiz astun eta korapilatu antzean gehienbat. || Nahiz eta. Nahiz. Lur landuan, nahiz eta erdizka eta eskas landuan, aisago ereingo dugu erein behar dugun hazi berria.
B. juntg. Edo. Geurok ere, etsai nahiz aldeko, haren ume edo iloba baikara. Lotsaz nahiz beldurrez egiten ez badu.
C. Nahiz… nahiz. (Esaldi nagusian aditzera ematen dena betetzeko aukerak adieraziz). Beste horrenbeste gertatzen zaio Nafarroan sortu den liburu eta idazlan askori, nahiz zaharrak diren, nahiz berriak. Nolanahi ere, nahiz batera nahiz bestera, galduan gu. || Nahiz… edo… Nahiz… nahiz…